AKTUALITATEA


| 2023-05-11 21:44:00

Iker Casanova ahaldun nagusigaiak bere jaioterrian, Barakaldon, eman dio hasiera kanpainari. Maria Solar alkategaiak eta Oskar Matute diputatuak ere parte hartu dute ekitaldian. Casanova baikor agertu da eta EH Bilduk 28 M-rako aukera ezin hobeak dituela esan du, “ibilbideagatik, sentsazioengatik eta inkestengatik”. Esan duenez, EH Bilduk “orain arte Bizkaian lortutako emaitzarik onena lortu nahi du”. “Sentsazio on horiek gauzatu ahal izateko”, hastear den kanpainan ahalegin berezia eskatu dio bere oinarri sozial osoari.

Era berean, Casanovak iragarri du hauteskunde hauek “Bizkaiaren eraldaketa politikorako prozesu baten hasiera” ekarriko dutela, eta “ezkerrak pisu handiagoa” izango duela. Bere ustez, “Bizkaian eskuinak gobernatzea anomalia bat da, izan ere lurralde honetan gehienak ezkerrekoak dira”.

Casanovak ziurtatu duenez, EH Bildu “herritarrak babesteko proposatzen duen gizarte-politika bereziki beharrezkoa da Ezkerraldean”, bere egoera sozioekonomikoa kontuan hartuta. Horregatik, Bizkaian eraikitzen hasiko den ezkerreko alternatiba horren indarguneetako bat EH Bilduk Barakaldon eta, oro har, Ezkerraldean emango duen aurrerapauso handia izango dela iragarri du hautagai soberanistak. “Bizkaia ezkerrekoa bada, Ezkerraldea are gehiago” dela adierazi du Casanovak, eskualdean dagoen justizia sozialaren sentimendua azpimarratuz.

Barakaldok politika publiko ausartagoak behar ditu
 

Maria Solar Barakaldoko alkategaiak bere alderdiak udal hauteskundeetarako egindako proposamen batzuk aurkeztu ditu, eta tokiko politikaren balioa aldarrikatu du, zintzotasunez eta hurbiltasunez. Solarrek adierazi du Barakaldok “politika publiko ausartagoak eta modu eta lidergo berriak behar dituela udalerriko datu sozioekonomiko txarrei buelta emateko”.

Solarrek aurkeztutako proposamenen artean,  zerbitzu publikoak indartzeko apustua dago, azken hamarkadetan pribatizatu diren guztiak udal zerbitzu bihurtuz berriro, horien kalitatea hobetzeko eta kalitatezko lanpostuak sortzeko. Era berean, etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko alternatibak ere aurkeztu ditu, hala nola, etxebizitza partekatuen udal-programak eta belaunaldien arteko etxebizitzak, bai eta gazteentzako kostu txikiko alokairurako etxebizitzak eraikitzea ere.

EH Bilduk ere mugikortasun eredu berri bat bultzatu nahi du Barakaldon, herritarrentzako guneak berreskuratuz eta auto pribatuaren erabilera murriztuz. Horretarako, Solarrek azaldu du "superetxadiak" proiektua gauzatu nahi duela, auzo bakoitzean oinezkoentzako ardatz bat sortuz, baita disuasio-aparkaleku handi berriak eta partekatutako autoen programak ere, besteak beste.

Era berean, ekipamendu publiko duin eta kalitatezkoak proposatu ditu, auzoen arteko desberdintasunak saihesteko, eta auzo bakoitzean eguneko zentro publiko bat, egungo plazak ez direlako nahikoak; adinekoentzako egoitza publiko bat, edo igerileku olinpiko gisa erabiliko zen eta Arrontegi auzoan utzita urteak daramatzan azpiegitura bat kirol gune multifuntzional gisa berreskuratzea.

Oskar Matutek, bere aldetik, EH Bilduk gehiengo sozialen bizitzak duintzeko duen papera nabarmendu nahi izan du, Barakaldon, Batzar Nagusietan edo Madrilen. EH Bilduk Ezkerraldean indarra hartzearen garrantzia azpimarratu du diputatu soberanistak. Izan ere, “Euskal Herriaren motorra da, eta geldirik dauden erakundeetan aldatzeko  aukera emango du”.

Era berean, “eskubideak merkantilizatu nahi dituztenen aurrean”, EH Bilduk bere “espazioa gehiago zabalduko” duela aldarrikatu du, “pertsonen bizitza erdigunean jarriko duen alternatiba bat eraikitzeko, gure bizi-proiektuak duintasunez garatzeko eskubideak zabalduz”.