Ortuellan egindako ekitaldi batean, Iker Casanova Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaia ezkerreko eta aurrerakoi sentitzen diren pertsona guztiei zuzendu da, eta EH Bildu dela, “Bizkaian, behingoz, ezkerreko gobernu bat izateko aukera bakarra” ziurtatu die.
Casanovak, Arkaitz Rodriguez legebiltzarkidearekin eta Oihane Arenaza Ortuellako alkategaiarekin batera egindako ekitaldian egin ditu adierazpenok. Eta, hain zuzen ere, Bizkaiko herri horretan, euskal industria eta euskal langileen mugimendua jaio ziren lekutik metro batzuetara, ahaldun nagusigaiak adierazi du “badela garaia Bizkaian ezkerrak gobernatzeko”.
“Ez du inolako logikarik meatzarien oinordekoek beren botoarekin eskuinari boterea ematea, meategietako jabeen oinordekoei boterea ematea”, adierazi du, eta gaineratu du “garrantzitsua” dela “gure tradizioari, gure kontzientzia historikoari, gure duintasunari eta Bizkaian ezkerretik alternatibak eraikitzeko gaitasunari eustea”.
Casanovak gogorarazi duenez, Meatzaldea bezalako eskualdeak “Bizkaian ahaztuta” daude. “Hemen dena eman zenuten, hemen dena eman genuen, hemen dena sakrifikatu zen herri hau aurrera ateratzeko. Euskal Herriko aberastasuna, hitzez hitz, meatzaldeko erraietatik atera zela” adierazi du hautagaiak. "Eta orain zer?" galdetu du. «Orain utzikeria, komunikazio txarrak, langabezia eta miseria tasa altuak, orain zonalde hau Bizkaia osoko zaborrontzi bihurtu nahi dute», salatu du.
Egoera horren aurrean, ahaldun nagusigaiak adierazi du “ezin dugula onartu lehen eta bigarren mailako eskualdeak egotea, lehen eta bigarren mailako bizkaitarrak egotea”. Horrela, EH Bilduren konpromisoa erakutsi du “toki eta lurralde garapen orekatua bultzatzeko, inor atzean ez geratzeko, ez pertsonak ezta eskualdeak ere”. “Meatzaldeak etorkizuneko alternatibak izan behar ditu berriro, industria aurreratuan oinarrituta,», nabarmendu du.