AKTUALITATEA


| 2023-05-04 15:32:00

Iker Casanova eta Maria del Rio EH Bilduren Bizkaiko Foru Aldundirako eta Bilboko Udalerako hautagaiek, hurrenez hurren, adierazi dutenez, Bilboko Udal Gobernuak Punta Zorrotzarako aurkeztutako planak “hiriaren tertziarizazioan eragiten du eta egungo udal-gobernuaren eredua agortuta dagoela islatzen du”. Horren ordez, EH Bilduk proposatu du eremu hori “industria aurreratuan, teknologikoan, jasangarrian eta sozialean oinarritutako gunea izatea”.

EH Bilduko ordezkarientzat, “etxebizitzak eraikitzea eta soilik hirugarren sektoreari lotutako jarduerak aurreikusten dituen plan batek espazio horrek izan behar duen benetako bokazioari bizkarra ematea dakar, industria-bokazioari, hain zuzen ere”.

Ildo horretan, adierazi dute EH Bilduk arlo horretarako proposatzen duena dela “Burtzeña, Punta Zorrotza eta Zorrotzaurre parke teknologiko handi batean batzea, Bizkaia-Ibaizabal parke teknologikoan, 5.0 industria-jarduera aurreratuak hartzeko”.

Gune horren erdigunean Euskal Erroten eraikina dagoela gogorarazi dute, “parke horren parte izan daitekeena egoitza gisa edo industriaren museo gisa”. Gainera, esan dutenez, “gaur egun dagoen Renferen ibilbidea aprobetxatuko luke, auzoko ibilbidea lurperatuz, errepide bidezko joan-etorriak murriztuz, metropoliko hiri-eremuan lanpostuak sortuko lituzkelako, lehendik dauden azpiegiturak aprobetxatuz”.

“Nahiz eta badirudi batzuek amore eman dutela gune horretan industria-ekintzari aukera emateko”, EH Bilduren proposamenaren bidez, “eremu horretan lanpostuak sortu ahalko lirateke, industria jasangarriaren bidez,  bateragarria etxebizitza kopuru txikiagoarekin eta hirugarren sektoreko jardueraren batekin”.

Horrela, adierazi dute “positiboa” dela hirugarren sektoreko jarduera, zinemari eta ikus-entzunezkoen sektoreari lotutakoa, eremuan kokatzea, baina “beharrezkoa” dela “eskaintza hori osatzea etorkizun teknologiko, industrial eta aurreratuko alternatiba batekin, espazioen aprobetxamendu hobea ekarriko lukeena, industria-ekintzara bideratuko lukeena metropoli-eremuan dagoen lurzoru urria, ingurumen-inpakturik gabea, lehendik dauden azpiegiturak erabiliz eta lanpostu gehiago sortuz, gainera, ondare-gune  batean: Euskal Errotak, Zorrotzako tailerra eta beste instalazio batzuk”. Guzti hori inguruko herritarren iritziak, beharrak eta ekarpenak kontuan hartuta egitea proposatu dute EH Bilduko kideek gobernantza eredu ireki baten apustua egiten baitute.