Belardi, Urduñan kokatua dagoen Haragi Beraldaketarako Zentroaren arduradun eta langileekin izan da Iker Casanova
EH Bilduk lehen sektorearekiko konpromisoa berretsi du, eta sektore hau Bizkaian bere horretan jarrai dezan eta kalitatezko eta hurbileko produktuak lor daitezen, babes sozial eta instituzionala biderkatzeko apustua adierazi du.
Bizkaitik Bizkaira egitasmoaren baitan, Bizkaiko batzarkide eta EH Bilduko bozeramailea den Iker Casanova Urduñan izan da koailizio soberanistaren beste kideekin batera, eta Belardi, Haragi Beraldaketarako Zentroa bisitatu dute. «Bertako baserritarrek bultzatutako proiektua da Belardi, sekulako meritua dauka egin dutena. Euren helburua izan da haragiaren inguruan dagoen katearen balioa produktuarengan zentratzea eta horrela ahalduntzea eta haien etorkizuna errazagoa egitea» esan du Casanovak.
EH Bilduren esanetan, «proiektu honek sekulako itxaropena ekarri du bertako nekazarientzat eta uste dugu horrelakoak beharrezkoak direla, gure baserritarrak Bizkaian oso egoera larrian daudelako. Azken urteetan gainbehera nabarmena egon da sektorean, eta babes sozial, politiko eta instituzional guztia behar dute eta eman behar diegu, nahi badugu gurean baserritarrak bizirik mantentzea. EH Bilduk sustatzaileak zoriondu nahi ditu eta erakundeen babes osoa emateko konpromisoa hartu nahi du, ekimen honek eta antzeko beste batzuek aurrera egin dezaten».