AKTUALITATEA


| 2024-12-13 09:18:00

EH Bilduko Bizkaiko bozeramailea eta batzarkidea den Iker Casanovak, gaur, Batzar Nagusietan 2025erako aurrekontu proiektuaren osoko zuzenketak eztabaidatzen ari diren saioan adierazi duenez, EH Bilduko batzarkide taldeak garaiz eta behar bezala aurkeztu zuen osoko zuzenketa erretiratu egin du, «EH Bilduren eta Bizkaiko gobernuaren arteko elkarrizketa prozesu baten erdian gaudelako, Bizkaiko aurrekontuen edukiaren inguruan akordio posible bat lortzea helburu duena».

Casanovak gaineratu duenez, «nahiz eta jarrerak oraindik urrun egon, bai alde ekonomikoari dagokionez, bai edukiari dagokionez, alde bien arteko hurbilketa bat gertatu da, eta merezi du, beraz, elkarrizketari aukera bat ematen jarraitzea, herritarrentzat ona izango den akordio bat lortzeko itxaropena mantentzen dugulako».

Aurrekontu proiektuari bere osoko zuzenketa kentzeko keinuarekin batera, EH Bilduk uste duelako negoziazio prozesuan lanean jarraitu behar dela, koalizio soberanistak gaineratu du foru gobernuak onartu egin duela «EH Bilduk proposatutako aurrekontu ataleen esparrua, besteak beste, pertsonen zaintzan, trantsizio ekosoziala edo gazteen emantzipazioarekin lotutako neurriak» eta berretsi du akordiorako tartea dagoela.

Aurrekontuen esparru orokorrarekin EH Bildu kritiko agertu den arren, «pertsonen bizitza hobetzea ekarriko duten funtsezko aldaketak egin daitezkeela uste dugu, eta horregatik, ahal den neurrian, aukera hoiek aztertzea eta lantzea erantzukizun-ariketa bat dela uste dugu».