AKTUALITATEA


| 2025-12-12 09:45:00

Iker Casanova: «EAJ-k lehenetsi du bere interes politikoa eta EH Bilduren kontrako joera, bizkaitarron ongizate eta bizkaitarron aldeko politikak baino»

 

EH Bilduk azpimarratu du erreforma fiskalak 83 milioi euroko murrizketa dakarrela kontuetarako

 

EH Bildu kritiko agertu da gaur Gernikan Batzar Nagusiek burututako osoko bilIkuran, joan zen urriaren 31n Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun diputatuak aurkeztutako kontu proiektuarekin. Formazio subiranistak aurrekontu proiektuaren itzulpena eskatu du.

 

Izan ere, 2026ko aurrekontuen inguruan negoziatzeko prest agertu zen EH Bildu Bizkaian, aurreko urteko negoziazio eta akordio arrakastatsuaren baldintza beretan, eta horretarako EH Bildurentzat estrategikoak diren arloak azpimarratu zituen, hala nola zaintzak, trantsizio ekosoziala, etxebizitza, mugikortasuna eta euskara eta kultura. Negoziazio prozesua geldiarazi egin du, ordea, EAJk, eta ez du EH Bilduren hasierako planteamenduari kontraeskaintzarik egin nahi izan, proposamen ekonomikoa handiegia zela argudiatuta, proposatutako ekimenak bideratzeko zailtasunekin batera. Bizkaiko Gobernuko ordezkariek, halaber, gainerako herrialdeetan hartutako erabakia argudiatu dute, hots, EH Bildurekin ezer ez adostea, Bizkaian ere akordiorako edozein aukerari betoa jartzeko.

 

Iker Casanova EH Bilduko bozeramaileak esan du gaur, Gernikan, EAJk lehenetsi duela «bere interes politikoa eta EH Bilduren kontrako joera, bizkaitarron ongizate eta bizkaitarron aldeko politikak baino».

 

Batzarkidearen esanetan «aurrekontuak ez dira kuantitatiboki nahikoak, besteak beste, erreforma fiskalak eragin duelako diru bilketa ez haztea. Izan ere, hazkunde erreala %0,7koa da, inflazioa deskontatzen badugu». Joan den apirilean EAJren, PSEren eta Elkarrekin Podemosen bozkekin onartutako erreforma fiskalaren ondorioz, «esango nuke Barne Produkto Gordinarekiko pisua galdu dutela aurrekontuek eta horrek esan nahi du politika publikoei erantzuteko ahalmena murrizten dela Bizkaian egiten ari den politika ekonomiko eta fiskalen ondorioz».

 

Gobernuaren kontuen «porrot kuantitatiboa» deskribatu du EH Bilduk. Casanovaren arabera, bederatzi sailetatik, bostetan murrizketak izan dira. Bost departamentu hoietan banatutako kantitateari inflazioa kenduz gero, txikiagoa da zuzendutako dirua igazkoarekin konparatuta. Diru gutxiago egongo da beraz zerbitzu publikoen beharrei erantzuteko.

 

«Egitura fiskala desegokia da -gaineratu du Iker Casanovak- PFEZetik eta BEZen bidez lortzen delako diru bilketaren %80a, eta bitartean sozietateen gaineko zerga bakarrik %7a suposatzen du. Laurden bat jeitsi da diru bilketa atal honetan. Gainera, eta hau bai azpimarratu nahi dut, erreforma fiskalaren ondorioz, 83 milioi € gutxiago izango ditugu aurrekontuetan».