AKTUALITATEA


| 2019-05-13 22:17:00

Bea Ilardiak EH Bilduren gobernatzeko estiloa aldarrikatu du gaur arratsaldean Elorrion, non koalizioak, Idoia Buruagaren eskutik, Alkatetzatik erakutsi baitu “gobernatzeko beste eredu bat” daukala, “herritarren interesei erantzuten diena”. Buruaga bera egon da ahaldungai nagusiaren alboan, bai eta Jasone Agirre legebiltzarkidea ere.

Ilardiak adierazi duenez, “EH Bilduk gobernatzen duen tokietan jendearen bizitzak hobera egiten du gardentasunetik eta herritarren parte-hartzea sustatzetik gobernatzen duelako, behetik gora, instituzioek guztion interesei erantzun behar dietelako”. Elorrio gobernantza eredu horren adibide da, “herritarrek leku gutxitan Gobernu Plana adostu eta horren jarraipena egiten dutelako; herritarrek leku gutxitan dute horrelako ahotsa haien bizitzei eragiten dieten erabakiak hartzerakoan. Hori da, finean, EH Bilduren gobernatzeko eredu eta era”.