AKTUALITATEA


| 2021-03-16 12:11:00

Gaur goizean Bizkaiko ahaldun nagusiak bere gobernu taldean emandako aldaketen harira Bizkaiko EH Bilduk adierazi du, aurpegi eta karguez haratago, aldaketak Aldundiaren politiketan eman behar direla eta egoerak eskatzen duela aldaketa horiek ahalik eta azkarren ematea.

 

Bea Ilardia EH Bildu Bizkaiko bozeramailearen hitzetan, “gobernu barruan eman diren aldaketak ez dira mugatu behar izen edo pertsona zehatz batzuetara. Bizkaiak erronka garrantzitsuak ditu eta horiei erantzuten dieten politikak abian jartzeko unea da. Ahaldun nagusiak dio gobernuan egindako aldaketekin krisi osteko unerako prestatzen ari garela, baina Bizkaiak beharrizanak orain ditu. Hau ez da izenen aldaketara mugatu behar; Bizkaiak gobernuaren politiketan aldaketa sakonak behar ditu”.

 

Hori dela eta, EH Bilduk azpimarratu du eginbehar garrantzitsuak daudela enplegu publikoaren sorreran, trantsizio ekologikoan, gobernantza ereduan, azken urtean agerian geratu diren gizarte politiketako gabezien aurrean eta baita ere udal finantzazioan.

 

“Kargu zehatzak aldatu baino, Aldundiari eskatzen dioguna da gobernuan jarraitzen dutenen politiketan aldaketa sakonak egitea. Bizi dugun ezohiko egoera honek aurretik genituen hainbat arazo agerian utzi dugu eta gobernuak horiei erantzutea ezinbestekoa da”.