AKTUALITATEA


| 2019-05-14 12:08:00

“Bizkaiko Foru Aldundiak erreferente bat izan behar du lan baldintza duinak bermatzeko borrokan, ezin du prekarietatea zabaltzen jarraitu”. Bea Ilardiak argi du enplegu duina sustatzeak EH  Bilduren jardunaren ardatz nagusietariko bat izan behar duela Aldundian eta, hortaz, horrekiko konpromiso sendoa hartu du gaur Bilbon, Diputazioaren aurrean. Hala, “Aldundiak egiten dituen kontratazio publikoetan, Aldundiak kontratatutako enpresa guztietan, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea” proposatu du, “ongizatearen oinarrietako bat, bizitza duin eta egonkor baten oinarrietako bat, lan baldintza duinak direlako. Hilaren bukaerara heltzea ez da zerbait berezia izan behar, normala izan behar du”.

EH Bilduren ahaldungai nagusiak behar-beharrezkotzat jo du kontratazio publikoetan klausula sozialak jartzea, horixe baita mekanismorik eraginkorrena lan baldintza duinak ziurtatzeko. Orain arte, ordea, Aldundiak ez die horrelako klausularik jarri kontratatzen dituen enpresei, eta emaitza, tamalez, prekarietatearen handitzea izan da. “Une honetan zenbait lanpostutan 1.200 euro baino gutxiago ordaintzen ari dira, eta hori ez da onargarria. 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea ezinbesteko urratsa da bizitza kalitatearen hobetzean urratsak emateko”.

Horren haritik, Ilardiak gogora ekarri du EH Bilduk kontratazio publiko guztietan klausula sozialak ezartzeko lege proposamena aurkeztu duela arestian Gasteizko Legebiltzarrean, “baina EAJ, PSE eta PPk bat egin zuten hain arrazoizkoa eta beharrezkoa zen proposamen hori atzera botatzeko”.