AKTUALITATEA


| 2020-04-02 12:41:00

EH Bildu Bizkaiak salatu du Aldundiak adineko egoitzetan izandako hildakoen kopuruaren datua ezkutatzen dabilela eta ez duela informaziorik eskaintzen. “Bizkaiko egoitza batzuetako egoera komunikabideen bitartez ezagutu dugu, Balmaseda adibidez, eta baita ere herrietatik heltzen zaigun informazioari esker. Oso larria da iturri ofizialetatik inolako informaziorik ez egotea eta Aldundiaren estrategia konziente bat dela uste dugu egoitzen egoeraren aurrean. Aldundiak neurri eraginkorragoak hartu behar ditu”, salatu du Bea Ilardia EH Bildu Bizkaiako bozeramaileak.

 

EH Bilduren iritziz, adinekoen egoitzen egoera erreala ezagutzea ezinbestekoa da Covid-19ak kolektibo zaurgarrienetako batean daukan eragina kontuan izanda. “Aldunditik ez dago informazio argirik beste lurralde batzuetan informazio hori ematen den bitartean”, azpimarratu du Ilardiak.

 

Premiazko neurri eraginkorragoak

 

Horretaz gain, EH Bilduren ustez, egoitzetako egoera oso zaila da neurri eraginkorrik ez delako hartu eta ez daudelako baliabide nahikorik kutsatutako pertsonak artatzeko eta zaintza lanetan ari direnak babesteko.

 

EH Bilduk azpimarratu du protokoloak berandu aplikatu direla eta egondako positibo kopuru altuak erakusten duela ez direla eraginkorrak izan.

 

Egoitzen egoera oso zaila izaten ari da. Hori dela eta, berriz ere dei bat egiten dugu elkarlanerako. Baina horretarako ezinbestekoa da gardentasunetik aritzea eta informazioa elkarbanatzea”, adierazi du Ilardiak.