Bizkaia

Albisteak

Adinekoen egoitzak medikalizatzea eta langile plantillak indartzea eskatu du EH Bildu Bizkaiak


Adinekoen egoitzetan egoerak okerrera egingo duela aurreikusten denez, Osakidetzarekin koordinatzea eta mediku, erizain eta laguntzaileak egoitzetara bideratzea eskatu du EH Bilduk

| 2020-04-08 13:04:00

Adinekoen egoitzen egoera larria kontuan izanda eta aste honetan are okerragoa izango dela aurreikusita, EH Bilduk egoitza horietara baliabide gehiago bideratzea eskatu dio Aldundiari.

 

Atzo ahaldun nagusiak esan zuen hurrengo egunetan egoerak okerrera egingo duela. Egoera, jada, gaur egun larria da eta baliabideak ahalik eta azkarren bideratu behar dira adinekoen egoitzetara. Okerrena etorriko dela esatea ez da nahikoa. Neurriak hartu behar dira”, adierazi du Bea Ilardia EH Bildu Bizkaiako bozeramaileak.

 

Hori dela eta, EH Bilduk eskatu du norbera babesteko ekipamenduak (NBE) bideratu behar direla adinekoen egoitzetara eta bertako langile zein erabiltzaileei test-ak egitea ezinbestekoa dela. “Kolektibo zaurgarrienetako baten aurrean gaude. Baliabide horiek ezinbestekoak dira egoera kontrolatzeko”, azpimarratu du Ilardiak.

 

Osakidetzako baliabideak bideratzea

 

Horretaz gain, EH Bilduk zaintzan ari diren taldeak indartzea eskatu du. Osakidetzarekin koordinatuz, adinekoen egoitzetara medikuak, erizainak eta erizain laguntzaileak bideratzea beharrezkoa dela azpimarratu du.