AKTUALITATEA


| 2026-01-28 12:01:00

Zaurgarritasun-egoeran edo babesgabetasun-arriskuan dauden haur eta nerabeen babesaren eremuan zuzeneko esku-hartzean lan egiten duten profesionalentzako Jarraipenerako eta Laguntzarako Udal zerbitzua sortzea eskatu du EH Bilduk. Mozio hori biharko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da. 

Maria del Rio bozeramaileak azaldu duenez, haur eta nerabe zaurgarriekin lan egitea "askotan ez da erraza", "adingabe askok bizi dituzten egoera dramatikoetatik deskonektatzea ezinezkoa delako". "Langile horien lanaldiak ez dira ordenagailuaren pantaila itzaltzerakoan amaitzen, bizi dituzten egoerak egun, aste edo gehiagotan irauten duen motxila bat baitira", gaineratu du. 

"Zaintzen gaituztenak zaintzeak duen garrantziaz jabetuta", EH Bilduk laguntzarako zerbitzu horren sorrera eskatu du. "Horrela, profesionalen gaitasunak indartzen eta profesional horiek beren egunerokoan jasaten duten laneko estresa saihesten lagundu nahi da", adierazi du. "Beraz, modu jarraituan eta planifikatuan aplikatuko den sistema bat proposatzen da, krisi-egoera puntualei erantzuteko prest egongo dena". 

Azkenik, gogorarazi du, profesionalek beraiek egindako eskaera bat dela. "Profesional horien zaintza ez da haien esku bakarrik geratu behar; erakundeek erantzukizuna izan behar dute", esan du.