Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak zalantzak agertu ditu Azkuna Zentroa eta Bilbao Arte Fundazioa bat egiteko Udal Gobernuak duen asmoaren aurrean. Bere esanetan, "Azkuna Zentroaren porrotak ezin ditu Bilboko kultur politikak oztopatu".
Horrela, bien arteko kudeaketa-aginduaren hitzarmenari buruz hitz egin du. Hitzarmen horren arabera, Bilbao Arte Fundazioak ez du zuzendaritza propiorik izango, eta Azkuna Zentroko zerbitzu orokorren arduradunaren esku geldituko dira Fundazioaren ekonomia-, administrazio-, zerga- eta kontabilitate-lanak. Bestalde, Bilbao Arte Fundazioaren erakusketa-aretoko arduradunak bere gain hartuko du bi erakundeen kultura-programazioaren planifikazioa.
Hitzarmenean bertan adierazten denez, lankidetza "lehen urratsa izan liteke Bilboko Udalak gaur egun bi erakunde horiei esleituta dizkien helburuak bere gain hartuko lituzkeen erakunde bakarra sortzeko, Bilboko Udalaren mendeko sektore publikoa arrazionalizatzeko eta sinplifikatzeko modu gisa".
Maria del Riok nabarmendu duenez, "azken batean, hitzarmen hau Azkuna Zentroaren ereduaren emaitza da, erabilera anitzeko gunea, zatika pribatizatua, eraikina kultur edukien gainetik gailentzen duena".
"Hiribilduko kultur politiketan inprobisazioa etengabea izan dela" kontuan hartuta, Del Riok "mesfidantza" agertu du Azkuna Zentroak eta Bilbao Arte Fundazioak egin nahi duten "norabide berri" horren aurrean.
Ildo horretan, galdetu du ea erabaki hori kultura- eta arte-sektoreko eragileekin eta profesionalekin kontrastatu den. "Bilbok kultur politika publiko egonkorrak, koherenteak eta punta-puntakoak garatu behar ditu, inplikatutako eragileekin eztabaidatuak eta kontrastatuak, eta ez noraezean ibili kultura gero eta gehiago zokoratuz".