AKTUALITATEA


| 2026-01-27 14:08:00


Udal Gobernuak gaur Zorrotzako Muturra berroneratzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatuko dela iragarri ondoren, Karlos Renedok, Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotziak, adierazi du "espero duela beste hirigintza-marketin iragarki bat ez izatea" eta zonalde horretako eta Bilbo osoko bizilagunen beharrei erantzuteko aurrera eramatea. 

"Gobernu-taldearen ohitura da hirigintza proiektuak zalaparta handiz iragartzea, eta gero, urteetan proiektu horiek trabatuta gelditzea, inguru horietako bizilagunak kaltetuz", adierazi du. Horren adibide da Zorrotzaurreko eremua, 20 urte baino gehiago baitaramatza berroneratzearen zain, eta baita Zorrotzako Muturra bera ere. 

Ildo horretan, "déjà vu baten aurrean" gaudela esan du Renedok. Izan ere, 2010ean hiru alternatiba aurkeztu ziren zonalde horretan gauzatzeko, eta 2012an Zorrotza Muturrerako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa izapidetzen hasi zen, baita herritarrek parte hartzeko prozesu bat ere. Prozesu horretan, besteak beste, erabilerak eta etxebizitzen ehunekoak erabaki ziren. "Hori guztia ezerezean geratu zen, izan ere, 14 urte geroago, Saderrek eta Profersak beren jarduerarekin jarraitzen dute, bere garaian egindako prozesuan eremua erabilera berriekin bateraezina zela erabaki zen arren", gaineratu du. 

Horrenbestez, oraingo honetan "iragarpen soil batean ez geratzea eta, herritarren parte-hartze prozesuaren bidez, bizilagunekin akordioak lortzea" espero duela adierazi du EH Bilduko zinegotziak, "berroneratzea orekatua izan dadin eta auzoaren eta hiri osoaren beharrei erantzun diezaien". 

Renedok gogorarazi du Zorrotzako lurzoruaren % 73a publikoa dela. "Hori kontuan hartu behar da etxebizitza-parkea planteatzeko eta alokairuko babes ofizialeko etxebizitzetara ahalik eta ehuneko handiena bideratzeko", nabarmendu du. 

EH Bilduko zinegotziak trenbidearen lurperatzea aipatu du eta operazio horren kostuak "Zorrotza Muturraren garapena ez lukeela baldintzatu behar" ohartarazi du, "hori abiapuntu gaiztoa izango litzatekeelako".

Azkenik, Renedoren ustez, "zonaldearen garapen berriak  Zorrotza auzoa kontuan hartu behar du". Era berean, "ezinbestekotzat" jo du Zorrotzaurre eta Burtzeñarekiko loturak ezartzea.