AKTUALITATEA


| 2026-01-23 11:51:00

Bilbon orohar euskaraz kultura bultzatzen eta sustatzen duten espazio zein zentroen mapa egitea eskatu du EH Bilduk, euskal arnasguneak saretzeko, horien eskaintza iragartzeko, eta udal programazioan planifikaziorako tresna moduan erabiltzeko.

Eskaera hori egiteko EH Bildu udal taldeak urtarrileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio bat aurkeztu du. Nerea Undabarrena zinegotziak azaldu duenez, Bilbon euskaraz programatzen duten kultura sorkuntza espazio eta zentro ugari ditugu, eta horiek bultzatzea beharrezkoa deritzogu.

Ildo horretan, euskaraz ekoizten duten espazio guztiak iragartzeko estrategia integral bat planifikatzearen beharra azpimarratu du Undabarrenak, hirian euskal arnasguneak identifikatu ahal izateko, euskaldunok euskaraz egiten diren jardueren programazioaren berri izateko eta, ondorioz, parte-hartzea bultzatzeko.

Mapa horrek, bere esanetan, ’15 minutuko Bilbon’ logikan lagundu dezake, hutsune geografikoak identifikatzen, euskarazko programazioa sustatzen eta ordenatzen, eta euskal kultura irisgarria bilakatzen Bilbo osoan.