AKTUALITATEA


| 2019-09-04 12:15:00

Bihar Espainiako Vuelta Bilbora helduko da, eta horrek, zalantza barik, hiria hankaz gora jarriko du.

EH Bildutik karrera pasatzen den ingurura herritarrak ikurrinarekin kalera irtetzera edota balkoietan ikurrinak jartzera animatzen ditugu, txirrindulari guztiak animatuz eta, batez ere, gureak.

Euskal Herria Bilduren ustez, Vuelta Euskal Herritik igarotzeak eta, bereziki, Bilbotik igarotzeak aukera ederra ematen digu gure identitatea aldarrikatzeko. Munduari erakutsiko diogu nazio bat garala. 

Bestalde, Gobernu taldeak ekimen hain potolo honek Bilbon eragin ekonomiko “izugarria” izango duela salduko digu: beti era positiboan. Baina, denok dakigun moduan, balantzeetan irabaziak eta kostuak agertu behar dira.

Alfonso Gil zinegotziak gela honetan esan zuen moduan,  besteak beste, trafikoan aldaketa garrantzitsuak izango dira, eta zalantza barik, herritarren egunerokotasunean eragin handia izango dute.

EH Bilduko taldeko kideon ustez, Bilbok honelako mega-ekimenak hartzen dituenean herritarrei informazio guztia ematea ezinbestekoa da, baina ez bakarrik ibilbidearen informazioa, errepideen mozketena edo Arraiz eta Artxandako bideen mozketena.

Instituzioetatik horrenbeste aipatzen den gardentasunaren izenean, ekimen hauen koste errealari buruzko informazioa ere eman behar dute, jakin badakigu, kostea oso handia dela.

Horregatik, EH Bildu Bilbo taldeak galderak aurkeztuko ditu, herritar guztiok jakin dezagun Bilboko Udalak zenbat diru bideratu duen Espainiako Vueltara. Informazio hau publikoa izan behar da, eta gardena. Izan ere Rugby txapelketa, MTV, Eurokopa edo Vuelta Bilbora erakartzea ez da dohainik.

Horrez gain, zeharkako gastuak zenbatekoak diren galdetuko dugu, hau da, udal baliabideen erabilera: segurtasuna, garbitasuna, elementuak kentzea, instalazio elektrikoak… Hori guztia bilbotarrok ordaintzen baitugu.

Herri honek badaki zer nahi duen: gardentasun politikoa eta identitatearen defentsa. EH Bilduk beti defendatuko du informazio eskubidea eta Euskal Herria nazio bezala aldarrikatzea.