EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak konpromisoa hartu du Olabeaga eta Zorrotza arteko bidegorria konpontzeko, Gehry zubiaren eta Elorrietaren artean bizikleta-irtenbide seguru bat eskaintzeko eta 2024an bidegorrien egoeraren diagnostiko orokor bat egiteko, modu irekian eta parte-hartzailean. Gobernu taldearen eta alderdi subiranistaren arteko zuzenketa transakzionatu bat onartu ondoren hartu da erabaki hori, azken horrek aurkeztutako mozio baten ondorioz.
Patxi Xabier Fernandez EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, ekimen honen onarpenari esker, Bilboko Udalak "mugikortasun jasangarriaren aldeko urratsak emango ditu, hiriko bidegorriak hobetzearen alde eginez eta, gainera, herritarren eta elkarteen aldarrikapenei erantzuna emanez”.
Fernandezek gogorarazi duenez, EH Bilduren ekimenez, 2022ko azaroko osoko bilkuran Olabeaga eta Zorrotza arteko bidegorria konpontzea onartu zen, Zirgarien kaiaren titulartasuna eskuratu ondoren. Udalak 2023ko otsailean jaso zuen lur horien jabetza, "baina gaur egun oraindik bidegorri hori konpondu gabe dago".
Gaur lortutako akordioarekin, azaldu duenez, Udalak konpromisoa hartu du Olabeaga eta Zorrotza arteko bidegorriaren eta, aldi berean, Zirgarien kaian dagoen pasealekuaren obrak 2023a amaitu baino lehen lizitatu beharko den kontratua esleitu bezain laster hasteko. "Albiste ona, gainera, kontuan hartuta pertsona askok erabiltzen dutela eta, gaur egun, ez dutela horretarako azpiegitura egokirik", gaineratu du.
Bestalde, “oso positibotzat” jo du Bilboko Udalak Gehry Zubiaren eta Elorrietaren artean bizikleta-irtenbide seguru bat ezartzea adostu izana; izan ere, horrela erantzuten zaio BizizBizi, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa eta San Inazio HLHIren Gurasoen Elkartea bezalako elkarteek egindako eskariari, aspalditik eskatzen ari baitira eremu horretan azpiegitura egoki bat jartzea, oinezkoentzako elkarbizitza bermatuz. “Zalantzarik gabe, hirian bizikletaren erabilera bultzatzen lagunduko du”, gaineratu du.
Azkenik, EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, Udalak konpromisoa hartu du datorren urtean hiriko bidegorrien egoeraren diagnostiko orokor bat egiteko, modu irekian eta parte-hartzailean. Azterlan hori "ezinbestekoa" da "zaharkituta geratu den araudi bat lehenbailehen eguneratzeko eta 2023-2030erako Bizikleta Plan Estrategiko bat diseinatzeko, Udalbatzan ere onartu zena".
"Gaur lortutako akordioarekin Udal Gobernuak hitzetatik ekintzetara pasatzea espero dugu, bizikletaren erabilera sustatzeko azpiegituren egoera optimoa bermatuz eta hobetuz eta horrela mugikortasun jasangarria lortzeko bidean aurrera eginez", amaitu du.