AKTUALITATEA


| 2023-10-12 09:12:00

EH Bildu udal taldeak Artxanda Aktibatzeko Planaren "zehaztasun eza" eta "plangintza
falta" kritikatu ditu. Azken adibidea, esan duenez, parkinga egiteko lizitatutako obrak dira. “Udal Gobernuak etxea teilatutik hasi du, eta obra horiek Artxandako Plan Berezia egin gabe lizitatu ditu, espazio desberdinen erabilerak zehazteko beharrezkoa den plana, hain zuzen ere", azaldu du.

Maria del Rio bozeramaileak eta Karlos Renedo zinegotziak prentsaurrekoa eman dute gaur Bilbon. Bertan, Asier Abaunza Hirigintzako zinegotziak aipatutako obren inguruan
iragarritako agerraldia aipatu dute. Bere ustez, agerraldi hori "beste behin berandu dator, eta Udal Gobernuak jaso dituen kritikei soilik erantzuten die".

Del Riok gogorarazi duenez, EAJ/PSEk "Artxanda erdian aparkaleku bat eraikiko dutela
iragarri dute, berdeguneak kenduta eta zuhaitzak moztuta". Gainera, disuasio aparkaleku bihurtzeko arriskua duen aparkalekua da. Gogorarazi duenez, proposamen hori "herritarren eskaeren aurkakoa da, berdegune gehiago eskatzen baitute eta argi eta garbi mozketari ez esan diote".

Era berean, "mugikortasun jasangarria lortzeko helburuaren aurkakoa” ere badela
adierazi du EH Bilduko bozeramaileak, izan ere, “ibilgailu partikularraren erabilera
lehenesten du, Bilbobusen maiztasunak eta funikularraren zerbitzua hobetu beharrean,
inguruko bizilagunek eskatzen duten bezala". Bestalde, gaineratu duenez, “zalantza handiak ditugu, hirigintza ikuspegitik, berdeguneen erabilera parking erabilerara alda ote daitekeen are gehiago parkinga Sondikan egingo dela kontuan hartuta".

Nogaro

Udal Gobernuaren proiektuaren "zehaztugabetasuna” kontuan hartuta, Del Riok uste du "ez duela inolako zentzurik Artxandako bihotzean aparkaleku bat eraikitzea
planteatzeak". Gainera, "behin-behinean erabil daitezkeen alternatibak daudela" azaldu du, eta horien artean, Nogaroko eraikinak gaur egun duen aparkalekua aipatu du.

Beraz, EH Bilduko bozeramaileak beste aukera batzuk aztertzeko eskatu dio udal gobernuari, eta bere udal taldea hitz egiteko eta "Artxandaren etorkizuna baldintzatuko ez duten konponbideak proposatzeko" prest agertu da. "Gogoratu, gainera, obra hau Europako funtsek finantzatzen dutela, eta, beraz, premiaz hartu behar direla akordioak, hori bai berdeguneak zainduz, zuhaitzak moztu gabe eta mugikortasun jasangarria sustatuz”, azpimarratu du.