AKTUALITATEA


| 2021-06-24 09:54:00

Bruno Zubizarreta EHBilduko zinegotziak salatu egin du Udal Gobernua "egoerak eskatzen duen neurrira ez egotea, LGTBIQ pertsonen eskubideak defendatuko dituzten benetako politikak martxan jartzeari uko egin diolako". Udal Gobernuak LGTBIQfobiaren aurkako Behatokia sortzeko proposamena atzera bota ostean egin ditu adierazpen horiek Zubizarretak.

"PNVk eta PSEk gure proposamen guztiak baztertu dituzte. Ezetz esan zioten LGTBIQ etxeari, EZ hiriko LGTBIQ populazioaren inguruko azterketa egiteari, eta orain ere uko egiten diote LGTBIQ behatoki bat martxan jartzeari. Horiek guztiak beharrezkoak dira LGTBIQ eskubideak bermatzeko ", kritikatu du EH Bilduko zinegotziak.

Zubizarretak gogorarazi duenez, 2020an sexu-orientazioa izan zen gorroto-delituen bigarren arrazoia EAE-n, eta gehien biktimizatu zen kolektiboa gaya izan zen, transgenero eta lesbianen kolektiboa atzetik zituela. "Denok eskandalizatu gintuen Ekain Perrinoren aurkako jipoi bortitzak, ekainaren 6an, 'Marikoi zikina' oihukatuz. Eta joan den larunbatean, Zornotzan, mutil batek eraso homofobo fisiko eta berbala jasan zuen kuadrilla baten eskutik ", azpimarratu du.

Adierazi duenez, "hori da tamalez Bilbon errepikatzen den errealitatea". Bere ustez, zentzugabekeria horren arrazoia da LGTBIQ pertsonei, gaur egun, "zenbait eskubide zibil aitortu arren, lotsaz edo zuzenean gorrotoz begiratzen gaituztela. Eta gorroto diskurtso horrekin, diskriminazioa, estigmatizazioa eta LGTBIQ herritarren aurkako indarkeria ere ahalbidetu nahi dira".

Egoera horren aurrean, Zubizarretak esan du udal-eremutik "urrats bat emateko unea" zela, eta, Euskal Herriko eta Estatuko beste hiri batzuetan bezala, LGTBIQfobiaren aurkako Behatoki bat martxan jartzea, LGTBIQ pertsonen aurkako diskriminazio eta indarkeria egoeren aurrean sentsibilizatzeko, detektatzeko eta jarduteko, ikerketaren, prebentzioaren eta salaketaren bidez. "Azken finean, euren orientazio sexualagatik edo genero identitateagatik, oinarrizko eskubideak urratu zaizkien ehunka pertsonen duintasuna berreskuratzea", azaldu du.

"Zoritxarrez, Udal Gobernua ez dago hain beharrezkoa den Behatoki hau sortzeko prest, eta deskafeinatutako zuzenketa bat aurkeztu du, oraindik zehaztu gabeko foro batera bidaltzen gaituena. Tristea da LGTBIQ kolektiboarekin benetako konpromisorik ez izatea", gaineratu du.