AKTUALITATEA


| 2025-07-14 10:12:00

Garazi Perea EH Bilduko zinegotziak "Bilbon hartu nahi ditugun ekitaldien inguruko hausnarketa" egin behar dela aldarrikatu du, "zein dimentsio eta eraginekin eta, batez ere, zein helbururekin". Kontxi Claver Garapen ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu saileko zinegotziak UEFA Europa Leagueko finalari buruz egindako agerraldian egin ditu adierazpenok Pereak.

EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, Udal Gobernuak "autokonplazentzian oinarritzen du bere azterketa, eta horrelako gertakarien eta beste batzuen alde onak baino ez dizkigu saltzen, ekitaldiaren B aldea eta herritarrengan eragin negatiboak ere izan direla alde batera utzita". Gaineratu duenez, bilbotarrak "ez ziren ekitaldi horren parte izan, eta, hala ere, beren ohiturak aldatu behar izan zituzten, eta osasun- eta hezkuntza-zerbitzuak eten behar izan zituzten UEFA Europa Leagueko finalak garraio publikoan, trafikoan eta aparkalekuetan izandako ondorioengatik, baita hiriaren sarreran eta irteeran izandako mugengatik".

Era berean, alderdi subiranistako zinegotziaren arabera, "saltoki askok, batez ere Alde Zaharrean, ez zuten ireki, edo itxi egin behar izan zuten finalaren egunean". Ildo horretan, agerian utzi nahi izan du garrantzitsua dela aldez aurretiko azterketa bat egitea, horrelako gertaerek saltoki txikietan nola eragin dezaketen jakiteko, jardunean izan ditzakeen ondorioak aurreikusteko eta eragin negatiborik ez izateko.

Bestalde, gogoratu du hoteletako, ostatuetako eta pisu turistikoetako gelen prezioak "neurriz kanpo" igo zirela. Gainera, adierazi duenez, "etxebizitza askok erabilera turistiko irregularra izan zuten, etxebizitzaren prezioa are gehiago garestituz, eta horrela, pertsona gutxi batzuentzako negozio bilakatuz".

Hori dela eta, EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "ez da nahikoa proiektu baten eragin ekonomikoa kalkulatzea, inpaktu soziala ere kalkulatu behar da". "Kalkulu hori egiteko aldagai guztiak kontuan hartu behar dira, ekitaldiaren antolaketa bera justifikatzera bideratuta dauden analisi partzialetan erori gabe", adierazi du.

Bere ustez "Bilbora ekimen handiak iristea ez du zertan onuragarria izan, hori oinarri gutxiko ikuspegi irreal eta arriskutsu batean erortzea litzatekeelako. Hau izanik udal gobernuaren joera, agerraldian agerian geratu den bezala".

Hori dela eta, Pereak azpimarratu du beharrezkoa dela "azterketa egitea, emaitzak ebaluatzea eta hauek etengabe hobetzea komunitate osoaren mesedetan", gure hirira zer motatako ekitaldiak erakartzen ditugun aukeratzeko gaitasuna garatuz.