AKTUALITATEA


| 2026-06-25 15:21:00

Tranbiaren geltoki berria dela eta, Miraflores etorbideko eremua berrurbanizatzea adostu dute EH Bilduk eta gobernu taldeak, oinezkoentzat irisgarria izan dadin. Gobernu taldearen eta EH Bilduren arteko zuzenketa bat onartu ostean lortu dute akordioa, alderdi soberanistak egindako proposamen baten ondorioz.

Karlos Renedok, EH Bilduko zinegotziak, azaldu duenez, Euskal Trenbide Sareak apirilaren 22an esleitu zuen Atxuri-Bolueta tranbia-lineako Los Caños geltokia eraikitzeko obra, Bilboko Abusu eta Larreagaburuko bizilagunei zerbitzua emateko, 5,503.087,9 euroan (BEZa barne).

Zehaztu duenez, besteak beste, obra honen bidez, igogailu berri bat eta pasabide bat eraikiko dira Miraflores etorbidearekin lotzeko, helburua Larreagaburuko bizilagunei zerbitzua ematea izanik. Renedok gaineratu duenez, exekuzio-proiektuaren planoen arabera, igogailuaren goiko irteera Miraflores eta Indalecio Prieto arteko bidegurutzearen erdian dago, "oinezkoentzat gaur egun irisgaitza den tokian".

“Ez du inolako zentzurik 5 milioi eta erdiko balioa duen obra bat egiteak, eta gero inguruko bizilagunek erabili ezin izatea, irisgarria ez delako", adierazi du.

“Gure proposamenaren helburua egoera hori konpontzea izan da eta herritarrei zerbitzu ona eskaintzea", nabarmendu du. Horregatik, albiste “ontzat” jo du udal gobernuarekin lortutako akordioa, "igogailua martxan jarri aurretik udal-eremua irisgarria izatea lortzea helburu duelako”.