"Sader enpresak espazio publikoa okupatzen duen bitartean, Udal Gobernuaren inakzioa” kritikatu du Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak. Horrela, Saderrek udalaren jabetzakoa den espazio hori ibilgailu astunentzako aparkaleku gisa eta materialen biltegi gisa erabiltzeari buruzko galdera sorta bat erregistratu du alderdi soberanistak.
Renedok azaldu duenez, EH Bilduk egindako galderei erantzunez, Udal Gobernuak 2023ko urtarrilean adierazi zuen Sader eta Profersa enpresek ez dutela baimenik ibilgailuak aparkatzeko, ezta Astilleroko kaian materialak uzteko ere. Era berean, baimenik gabe udal lur horiek ez okupatzeko beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa hartu zuen.
Hala ere, zinegotziak azaldu du bere udal-taldeak jakin duela erantzun horren ondoren aipatutako kaia aparkaleku zein biltegi pribatu gisa okupatu dela Saderren partetik. Materialen biltegi bezala erabiltzeari dagokionez, EH Bilduk Udal Gobernuari galdetu dio ea baimenik eman duen okupazio horretarako, eta zein neurri hartu dituen udal lurrak ez okupatzeko, “argi baitago horiek behar ez bezala erabiltzen jarraitzen direla.”
Renedok, halaber, enpresak espazio horretan egiten dituen garbiketa-lanak aipatu ditu, eta galdetu du ea Udal Gobernuak horretarako errekerimendurik egin duen, eta ea lurzoruaren kalitatearen azterketarik egin den.
Bestalde, azaldu duenez, Arsenaleko aparkaleku publiko hori zama handiko kamioi pribatuek erabiltzen dute, eta horien zama kutsagarria izan daiteke, "udal-zirkulazioko ordenantzaren hainbat artikulu urratuz". Horri dagokionez, EH Bilduko zinegotziak galdetu du ea ibilgailu astun horiek aparkaleku hori okupatzeko baimenik duten eta, hala ez bada, zer neurri hartuko dituen espazio hori behar bezala erabiltzen dela bermatzeko.
“Ez da onargarria espazio publikoa osasun publikorako kaltegarriak izan daitezkeen jarduera pribatuetarako erabiltzea", azpimarratu du.