AKTUALITATEA


| 2021-04-14 11:24:00

Bilboko EH Bildu udal taldeak Udal Gobernuari eskatu dio pandemiak Bilboko herritarren osasun mentalean izaten ari den eraginari buruzko azterlan bat egin dezala, ondorio horiek arintzeko neurriak ezartzeko helburuarekin. Horretarako maiatzeko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozioa aurkeztu du.

 

Bruno Zubizarretak, EH Bilduko zinegotziak, azaldu duenez, gaur egungo pandemia biztanleriaren osasun mentalari eragiten ari zaio, eta depresioaren, antsietatearen, insomnioaren, trauma-osteko estresaren nahasmenduaren eta larritasun psikologikoaren sintomen prebalentzia handia hauteman da.

 

Horregatik, bere esanetan, “beharrezkoa” da Bilboko Udalak, bere eskumenen esparruan, zenbait jarduketa ezartzea eta hainbat neurri hartzea birusak, osasun mentalari dagokionez, sortutako egoera arintzeko. “Ildo horretan, lehenik eta behin, pandemiak herritarren osasun mentalean izaten ari den eragina ezagutzeko balioko duen azterlan bat egin beharko litzateke”, azpimarratu du.

 

Ildo horretan, Zubizarretak adierazi duenez, egin beharreko jarduketak Bilboko Udalaren Osasuneko I. Planaren (2019-2023) esparruan kokatu ahal izango dira. Plan horrek arreta psikologikoa eta arlo soziosanitarioko aholkularitza eta orientazioa biltzen ditu, eta, besteak beste, nahasmendu mentalen bat izan dezaketen pertsonei zuzenduta dago.

 

Pandemia herritarren osasun mentala baldintzatzen duen faktore erabakigarri berria bihurtu da. Horregatik, bere ustez, “premiazkoa da aipatu plangintzak, osasun mentalari dagokionez, bilbotarrengan birusak sortzen duen egoera arintzeko neurriak eta jarduerak aurreikustea".