AKTUALITATEA


| 2021-12-22 14:38:00

EH Bildu Bilbok Olentzeroren eta Mari Domingiren harreraren inguruko Udal Gobernuaren kudeaketa “okerra” kritikatu du, hartutako erabakia “aldebakarrekoa” eta “guztiz inkoherentea” delako “osasun ikuspuntuak kontuan hartzen ez dituelako”.

Jone Goirizelaiak, EH Bildu udal taldearen bozeramaileak, adierazi duenez, Udal Gobernuak Olentzeroren eta Mari Domingiren kaleko ohiko desfilea bertan behera uztea eta esparru itxi batean ekitaldi bat egitea erabaki du, baita auzoetako kalejiretarako baimenak ukatzea ere, “udalbatzako gainerako taldeekin eta jai batzordeekin aldez aurretik adostu gabe”. "Ez da onargarria alkateak horrelako erabakiak bere kabuz hartzea inorekin adostu gabe", gaineratu du.

Kaleko ekitaldia Arriaga antzoki barrura lekualdatzeko erabakiari dagokionez, Goirizelaiaren ustez, “leku itxietan kutsatzeko arrisku handiagoa dagoela esaten ari zaizkigunean, osasun ikuspuntu batetik, ez du inolako logikarik gobernu-taldearen erabakiak”. "Inkoherentea da", gaineratu du.

Bestalde, Arriaga antzokian egingo den ekitaldiaren kudeaketa kritikatu du Goirizelaiak, “herritarrak sarrera bat lortzeko lehiatzera behartzen baitu eta hirian dagoen arrakala digitalean sakondu”. “Sarrerak salgai jarri dira on line asteartean 10:00etan eta 11:40an agortuta zeuden. Argi dago bilbotar askok eta askok ezin dituztela izapide horiek ordu horietan egin, horretarako baliabiderik edota denborarik ez dutelako, eta seme-alabak Olentzero ikustera joan ahal izateko sarrerak erosteko inolako aukerarik gabe geratzen dira”, adierazi du.

Era berean, EH Bilduko bozeramalearen esanetan, “beste behin ere Udal Gobernuak aukera bat galdu du jai-batzordeekin ekitaldi deszentralizatuak eta txikiak adosteko, haurrek Olentzerorekin eta Mari Domingirekin gozatu ahal izan dezaten beren auzoetan, masifikaziorik gabe”.

Hala ere, esan duenez, “jai batzordeen lanari esker hainbat ekitaldi egingo dira auzo batzuetan, eta haurrak eta haien gurasoak gonbidatzen ditugu Olentzero eta Mari Domingi ikusiz gozatzeko aukera izan dezaten, osasun neurriak errespetatuz”.