AKTUALITATEA


| 2023-05-19 12:56:00

Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak SAMUR eta EAJk itxi dituen gainerako osasun udal zerbitzuak berreskuratzeko konpromisoa hartu du. Gaur Bilbon Gontzal Martinez de la Hidalga, zerrendakide eta osasun sistema publikoko pediatrarekin batera egindako agerraldian, EH Bilduko hautagaiek EAJren esku dagoen Osakidetzaren egungo kudeaketak “osasun publikoa desegitera bultzatzen gaituela” salatu dute. Ildo horretan, elkartasuna adierazi diete atzotik “murrizketen eta pairatzen ari diren lan baldintza txarren kontran greban dauden langileei”.

María del Riok EAJren udal kudeaketa salatu du, izan ere, “alderdi jeltzalea bilbotarren osasunean murrizten ari da”. Ildo horretan, gogorarazi duenez, “legealdi honetan, funtsezkoa zen SAMUR itxi dute”, eta horrek “ondorioak ditu herritarren segurtasunean eta osasunean”. “Osasun arreta behar duten suhiltzaileen irteeren %50ean, 10 minutuko atzerapena dago SAMURek eskaintzen zuen zerbitzuarekin alderatuta. Larrialdi mediko batean, bizitza asko daude jokoan 10 minutuko tarte horretan”, ohartarazi du.

EAJ desegiten ari den beste udal osasun zerbitzu bat ere aipatu nahi du Maria del Riok, “eskola publikoetan aritzen ziren erizain eta medikuak”, hain zuzen ere. “Udal honek, eskolen eraikinak egoera lazgarrian ditu, eta gainera, ikasleen osasuna ere ez du zaintzen”, kritikatu du.

Halaber, Eriondoen Zentroaren itxiera ere aipatu du Maria del Riok. “Gainera, Aburto alkateari oraindik ez diogu entzun Basurtun bihotzeko kirurgia zerbitzua kentzearen aurka dagoenik”, gaineratu du.

Horregatik, EH Bilduk “EAJk itxi dituen udal eskumeneko osasun zerbitzu guztiak berreskuratzeko konpromisoa hartu du eta, era berean, Udalaren esku dagoen guztia egingo dugu Osakidetzaren pribatizazio nahiak bilbotarren bizitza eta osasuna arriskuan jartzeari utz diezaion”.