María del Ríok, EH Bilduren Bilborako alkategaiak, “Osakidetza egungo kudeatzaileengandik salbatzeko dagoen aldarri herrikoi, sindikal eta profesionalarekin” bat egitera deitu du. Ildo horretan, adierazi duenez, “nahiz eta euskal gizarteak osasun publkoa balioan jarri izan duen urte luzez; dagoeneko, gehiegi dira jasaten ari garen murrizketak, eta aski ezaguna da zerbitzuaren gainbehera osasun pribatuaren eskaintzaren gorakadarekin batera etorri dela”.
EH Bilduren hautagaiak adierazpenok gaur Basurtun egin ditu. Bertan, gogoratu duenez, atzo bertan, ehunka pertsona bildu ziren Bilbo osoko anbulatorioen aurrean kalitatezko lehen mailako arretaren alde, eta osasunaren pribatizazioaren aurka, Bilboko auzo elkarteen federazioak deituta. Ildo berean, bihar, larunbatean, osasungintzaren desegitea salatzeko eta sistema publikoa indartzearen aldeko manifestazioa egingo dela euskal hiriburuetan gaineratu du. “EH Bilduk bat egiten du deialdiekin, gureak ere ditugulako aldarrikapen guzti horiek”, nabarmendu du.
Ildo horretan, EAJri zuzendu dizkio bere hitzak: “EAJri esan behar diogu ezetz, hau ez dela Osakidetzaren aurkako kanpaina bat. Aitzitik, Osakidetza, egungo kudeatzaileen eskuetatik salbatzeko herri, sindikatu eta profesionalen aldarria da”. Izan ere, azaldu duenez, “Osakidetzaren izen onaren aurka doana kontsulta birtualei buruz hitz egitea da, medikuarekin hitzordua lortzea ezinezkoa den bitartean; pandemian zehar zerbitzuak murriztu izana da ospea kentzen diona Osakidetzari, are gehiago pandemiaren ostean murrizketa horietan atzera egin ez dutelako”.
Era berean, Maria del Rioren esanetan, “ezin dugu ahaztu”, udal-eremuan, EAJk osasun-arloko “murrizketak berresten dituela, Jaurlaritzari Kirurgia Kardiakoa Bilbotik kanpora eramateko bermea emanez, edo Samur bezalako ezinbesteko zerbitzua kenduz”.
“Ezin dugu onartu Osakidetza desegitea, eta euskal herritarrek beren esku dute gure osasuna arriskuan jartzen duten kudeatzaileak geldiaraztea, bai kalean, bai hautestontzietan”, azpimarratu du.