AKTUALITATEA


| 2023-05-11 21:24:00

Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak hasiera eman dio gaur hauteskunde-kanpainari, Bilbo feministago, ezkertiarrago eta ekologistago baten aldarriak Bilboko Udalean isla izateko helburuarekin.

María del Riok gaur egin ditu adierazpenok Deustuko San Pedro plazan. Bertan adierazi duenez, EH Bilduk “ilusioz eta erantzukizunez” ekin dio kanpainari, “jokoan asko dugulako”.

Ildo horretan, adierazi du EH Bilduren helburua “Udalak Bilboko kaleetan eta auzoetan arnasten denaren antz handiagoa izatea” dela, izan ere, “Bilboko herritarrak Aburtoren Gobernua baino askoz feministagoak, ezkertiarragoak eta ekologistagoak dira”.

Horrela, nabarmendu du “erronka dela kaletako aldarrikapenak eta nahiak Bilboko Udalean islatzea”, eta horren aurrean, “maiatzaren 28ra arte lan handia dugu”. Era berean, ziurtatu du horretarako ekiporik onena duela, “gure hiria eraldatzeko talde konprometitua eta prestatua”.

“Irakiten dagoen Bilbo nahi dugu, borroka sozialen erreferente eta pertsona guztien defentsan abangoardia. Hori lortzeko lanerako prest eta gogoz aurkezten gara”; azpimarratu du.