Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak ohartarazi du hiriko “auzoen arteko aldea gero eta nabariagoa” dela. Horrela, “auzoak erdigunera ekartzearen aldeko” apustua egin du, “gaur egun duten izaera periferikoa izan ez dezaten”.
«Hirien hiria behar dugu, Bilbo deszentralizatu bat, gure auzoetan bizitza egin ahal izateko, eta, aldi berean, ondo komunikatuta dagoen hiri bat», aldarrikatu du.
Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Maria del Riok agerian utzi du “auzo batean edo bestean bizitzeak gure bizitza baldintzatzen” duela. Ildo horretan, ohartarazi du auzo batzuetan langabezian egoteko zazpi aldiz aukera gehiago daudela beste batzuetan baino, eta pobrezia handiagoko auzoetan ez direla iristen aberastasun handieneko auzoen errentaren herenera.
Are gehiago, ohartarazi du datu “kezkagarriagoak” daudela, “desberdintasun horiek bizi-itxaropenari ere eragiten baitiote. Otxarkoagan bizi itxaropena Bilboko erdigunean baino sei urte gutxiagokoa da”. “Egia esan, asko dago egiteko, eta EH Bildun desberdintasun horiekin guztiekin lan egiteko konpromisoa hartzen dugu”, nabarmendu du.