AKTUALITATEA


| 2023-04-27 13:43:00

Maria del Riok, EH Bilduren Bilboko alkategaiak, Bilbon dagoen etxebizitza arazoari aurre egitea bere lehentasun bat izango dela azpimarratu du, gaur Bizkaia Irratian egindako elkarrizketan. Ildo horretan, Kongresuan onartuko den Etxebizitza Legea goraipatu du; izan ere, Lege horrek “argi uzten du Udalek badutela aukera etxebizitzaren arloan politikak egiteko”. “Lege hau garrantzitsua da eskumenak eta aukerak ematen dizkigulako lanean jarduteko”, azaldu du.

Hala, Bilbon dagoen etxebizitza arazo larriaz hitz egin du, 5.000 etxe huts ingururekin. “Alokairuaren burbuila baten gaudela esango nuke eta neurriak hartu behar dira, esaterako, alokairuen prezioak murriztea edo tasatzea, etxebizitza, osasuna bezala, oinarrizko eskubide bat baita, beste eskubide batzuetara sarrera ematen dizkiguna”.

Era berean, Bilbon gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten arazoak aipatu ditu, izan ere, batez beste 30 urterekin emantzipatzen dira, euren bizi proiektua atzeratuz. “Eta nik zalantza barik etxebizitza kokatuko nuke Bilboko lehentasunen aurrean”, azpimarratu du.

 

Bestalde, Osakidetzaren egoeraz ere mintzatu dira elkarrizketan. Ildo horretan, Maria del Riok azaldu duenez, “nahiz eta orain arte Osakidetzari buruz guztiok arro hitz egiten genuen, momentu honetan herritar guztiok oso arduratuta gaude, ulertzen dugulako osasuna badela oinarrizko zerbitzua eta beharrezkoa dugula beste edozein eskubide garatzeko”. Bilboko alkategaiaren ustez, joan den ostegunean anbulatorioen aurrean egindako kontzentrazioek eta larunbatean egindako izugarrizko manifestazioak adierazten dute benetako ardura dagoela.

Basurtun bihotz kirurgia zerbitzua lekualdatzeko erabakia, Deustu eta hiriko beste hainbat Etengabeko Arreta Guneetako murrizketak, pediatra falta… eta bestelakoak gogoratu ondoren, del Riok Bilboko udal gobernua “ez dela guzti horien kontra modu argian eta nabarian” agertu salatu du. Are gehiago, bere konpetentzia diren ELZko Eriondoen Zentroa eta SAMUR bezalako zerbitzua kendu ditu “horrek osasunean duen eraginarekin”.

“EH Bildu Udalaren udal eskumenak diren horietan sakonduko du alde batetik, eta, bestetik, kalean, bilbotarron eskubideak eta nahiak ordezkatuko ditugu gure osasun sistema irmoki defendatuz”, azpimarratu du.