AKTUALITATEA


| 2023-05-31 12:34:00

Maria del Rio EH Bilduko Bilboko alkategaiak adierazi duenez,  EH Bilduk “inoizko emaitzarik onenak lortu ditu Bilbon ere” eta horiek “erakusten dute hau olatu handiago baten hasiera baino ez dela Bilbo eraldatzeko”. Ildo horretan, azpimarratu duenez, EH Bilduk “ezkerreko alternatibaren lidergoa dauka Bilbon eta EAJ politika sozialetan aurrera egitera behartu dezakegu”. Del Riok prentsaurrekoa eman du gaur Bilbon hauteskundeen emaitzak baloratzeko.

Bertan, gogorarazi duenez, EH Bildu botoen %15 izatetik ia %19a izatera igaro da, eta %50 zinegotzi gehiago lortu ditugu, 4tik 6ra pasatuz. “Inoiz baino boto gehiago ere lortu ditugu, 28.000 babes baino gehiago, 3.000 boto berrirekin, parte-hartzea jaitsi den testuinguruan”, azaldu du.

Ildo horretan, esan duenez, abstentzioa %5 igotzea “ez da albiste ona”, baina, bere esanetan, EH Bilduren emaitzek “erakusten dute jendearen eskubideak defendatzen dituzten proposamenekin herritarrak mobilizatzen direla”. “Horrela, ordezkaritza duten alderdien artean boto igoera handiena lortu dugunok gara”, gaineratu du. Del Riok azpimarratu duenez, EH Bildutik, “aspalditik sumatzen genuena egiaztatu dugu, gure komunitatea oso indartsu dagoela, eta emaitzek erakusten dute hau olatu handiago baten hasiera baino ez dela Bilbo eraldatzeko”.

Maria del Riok auzoetan lortutako datu batzuk aipatu ditu. EH Bildu 2019an 3 auzotan indar bozkatuena izan bazen, oraingoan 5etan izan dela garaile adierazi du eta hogei bat auzotan bigarren alderdi bozkatuena izatea ere lortu dutela. Era berean, azaldu duenez, “badira batzuk gure hazkundea hiriko batez bestekoa baino nabarmen handiagoa izan dutenak, hala nola, Uretamendi, San Inazio, Ibarrekolanda, Abusu, Iturrigorri edo Uribarri, %20tik gorako hazkundearekin”.

Hauteskunde-kanpainan, Bilbo, neurri handi batean, “Madrilen eskuinetik sortutako zarata mediatikoaren aurrean uharte bat izan dela nabarmendu” du Maria del Riok. Bere esanetan, “nahiz eta, zoritxarrez, euskal eskuinak eremu batean zarata hori errepikatu nahi izan duen, Bilbon alderdi politiko nagusiak, Bilbori buruz hitz egiten aritu izan gara; jendearen arazoei buruz eta horiei aurre egiteko alderdi bakoitzaren proposamenen inguruan”.

Ildo horretan, EH Bilduk hirirako zein auzoetarako proposamenak egin dituela gogorarazi du, 15 auzo baino gehiagorentzat ere programa propioak ere eskaini dituztela. “Beraz, proposamen politikoak lehenetsi dituen kanpainan, EH Bilduk inoiz baino jende gehiago konbentzitu du bere proposamenekin”, azpimarratu du.

Bestalde, nabarmendu duenez, “aurreko legegintzaldietatik oposizioaren buru ginen arren, orain bigarren indar gisa egingo dugu, eta, beraz, Bilbo eraldatzeko alternatiba izaten jarraituko dugu, eta noski, alternatiba horren buru izango gara, izan ere, berritasunen artean dago indar ezkertiar edo aurrerakoiak eskuinak baino gehiago direla gobernua osatuko duen eskuina baino”.

Beraz, Maria del Rioren esanetan, “ezkerreko alderdiok aukera izango dugu EAJ politika sozialetan aurrera egitera behartzeko”. Hala, zehaztu duenez, “bere burua ezkertiartzat dutenek demostratzeko aukera izango dute”. “Adibide bikaina izango dugu alokairuen prezio altuak arintzeko neurriak hartzeko orduan, hain zuzen ere, ezkerreko alderdiok Eusko Legebiltzarrean eta Madrilen babestu ditugun Etxebizitza Legeei esker”, adierazi du. Era berean, bere esanetan, “EAJk bere burua biluztu beharko du, baldin eta neurri horien kontra PPren eskutik egiten badu, horiek geldiarazi nahi baditu”.

Ildo horretan, Maria del Riok iragarri du laster abiatuko dutela bilera erronda bat gainerako alderdiekin eta eragile sozialekin, etxebizitza eskubidea gauzatze aldera udaletik hartu ahal diren neurriak diseinatzen hasteko.