AKTUALITATEA


| 2025-12-05 12:51:00

EH Bilduk gaur adierazi duenez, "albiste ona" da PSEk eta EAJk metroaren 4. linearen proiektua zuzendu izana, eta, azkenean, Moyuatik pasatzea. Esan duenez, lorpen hori "Bilboko hegoaldeko auzoetako, bereziki Errekaldeko eta Iralako  bizilagunek 20 urte baino gehiagotan egindako borrokari esker lortu da”. 

Patxi Xabier Fernandezek eta Raul Mendezek, EH Bilduko zinegotziak eta batzarkideak, hurrenez hurren, adierazpen horiek egin dituzte gaur Imanol Pradales lehendakariak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Susana García Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak 4. lineari buruz egindako iragarpenaren ostean. 

Fernandezek eta Mendezek adierazi dutenez, "EAJ eta PSE gobernukideen arteko desadostasunak, ikuspegi partekaturik eza eta eztabaida alderdikoiak direla eta,

urteetan itxaroten egon eta oztopoz betetako prozesu baten ondoren (atzerapenak, proiektuan aldaketak...), badirudi, azkenean, hegoaldeko auzoetako bizilagunen zor historiko bati erantzungo zaiola”. Bizilagunek urteetan zehar prozesuan benetako parte hartze falta salatu dutela ere gogorarazi dute. 

Bilboko Udalaren kasuan, Fernandezek adierazi du Juan Mari Aburto alkatea "ez dela egoerak eskatzen duen mailan egon eta, herritarren beharrei erantzun beharrean, beti beste aldera begiratu duela". Ildo horretan, joan den urriko  Osoko Bilkura adibide moduan jarri du, non EAJ Metroaren 4. Linea herri plataformak aurkeztutako proposamenetik kanpo geratu zen, gainerako alderdiek aldeko botoa eman zuten arren. 

Mendezek eta Fernandezek azaldu dutenez, "Moyuatik joatea erabaki izanak, eta ez Abandotik, aukerarik onena da: eragozpen tekniko asko desagertzea eta obra ahalik eta lasterren egin ahal izatea eragiten du". Gainera, EH Bilduk askotan eta hainbat erakundetan egindako eskaera da, Udalean, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean. 

70.000 pertsona 

"Metroko 4. lineak Bilboko hegoaldean bizi diren 70.000 pertsona baino gehiagori emango die zerbitzua, auzo horiek erdigunearekin lotuz, Moyuaren bitartez", adierazi dute. Metroaren 4. linea Bilbo metropolitarraren “elementu egituratzaile gisa beharrezkoa den mugikortasun-azpiegitura” dela gaineratu dute. 

Esan dutenez, "orain, gaur goizekoa bezalako propaganda ekintzetatik haratago, hitzetatik ekintzetara pasatzea tokatzen da", eta, horretarako, "beharrezkoa" da proiektu horrek "datozen urteetan beharrezko finantzaketa izatea, errealitate bihurtzeko eta atzerapen berririk ez izateko". 

Ildo horretan, zehaztu dute atzerapenen ondorioz linea horren 1. faseak 412 milioiko hasierako kostua izan duela. "Proiektua dozenaka milioi garestitu da, eraikuntza-kostuak handitu direlako eta proiektuak berrikusi eta berriro idatzi direlako. Eta okerrena da Bilborentzat eta Bizkaiarentzat aukera-kostua galdu dela ", egiaztatu dute. 

Adierazi dutenez, Errekalde eta Matiko arteko 1. fasea gaur jarriko da martxan, baina "gauzatze-egutegi errealista bat behar da", eta 2. faseari dagokionez, Basurturantz, Zorrotzarantz eta Irauregirantz, "ezin da ‘sine die’ egon, zehaztasun eta konpromiso handiagoa behar du". 

Azkenik, Hegoaldeko auzoetako bizilagunak zoriondu dituzte, gaurko iragarpenak "agerian uzten duelako borrokak fruituak ematen dituela eta azkenean aurrera aterako dela urte luzez defendatu duten proiektua". "Metroaren 4. lineako plataformak atzo egindako kontzentrazioa azkena izatea espero dugu", azpimarratu dute.