AKTUALITATEA


| 2025-11-27 12:37:00

Nerea Undabarrenak EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, matrikulazio jaitsierak direla eta, Bilbon Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako hainbat ikastetxe ixteko arriskuan daude, besteak beste. Itxiera horiek saiheste aldera akordioa lortu du EH Bilduk udal gobernuarekin. 

Akordio horren bidez, sortzen diren haurreskola plaza berriak, ahal bada ixteko arriskuan egon daitezken haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeen udal eraikinetan jartzeko konpromisoa hartzen du Bilboko Udalak. 

Akordio hori EH Bilduren eta gobernu taldearen arteko zuzenketa transakzionatu bat onartu ostean lortu da, alderdi soberanistak egindako proposamen baten ondorioz. 

Nerea Undabarrena EH Bilduko zinegotzia pozik agertu da akordio horrekin, garrantzitsua baita, alde batetik, gure hirian 0-2 urteko hezkuntza goiztiarraren eskaintza publikoa handitzen jarraitzeko konpromisoa hartzen delako eta, bestetik, haur eta lehen hezkuntzako matrikulazioak behera egin duen Bilboko ikastetxe batzuen itxiera saihestea duelako helburu. 

"Kontuan hartu behar da zentro horien garrantzia; izan ere, hezkuntza zentroak izateaz gain, auzoak dinamizatzeko trakzio-elementuak dira, jendea biltzen den espazio naturalak dira, azken batean, dauden auzoen pultsua dira", azaldu du. Horregatik, bere ustez, "ahal dugun guztia egin behar dugu zentro horiek itxi ez daitezen, eta uste dugu lortutako akordioarekin pauso bat ematen dela norabide horretan".

"Ezinbestekoa da Bilboko auzo guztietan eskola publikoaren eskaintza mantentzea eta handitzea, eta hori lortzeko modu bat haurreskolen bidez da. Espero dugu transakzionatutako zuzenketak helburu hori betetzeko balio izatea ", nabarmendu du.