AKTUALITATEA


| 2025-11-28 13:15:00

Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak gaur adierazi duenez, EAJk "gehiengo absolutua inposatuz" aurrekontu "mekanikoak" onartu ditu berriro, "hiri gisa ditugun erronkei erantzuten ez dietenak". "Proiekturik gabeko aurrekontuak dira, lau hormetatik kanpo gero eta aldakorragoa den mundu bat dagoela aurreikusten ez dutenak eta, hortaz,  egungo beharrei erantzunik ematen ez dietenak", nabarmendu du. 

María del Riok adierazpen horiek egin ditu gaur egindako ezohiko osoko bilkuran, 2026ko aurrekontu-proiektuari hasierako onarpena emateko. EAJk "metodo tradizionalarekin jarraitzea nahiago zuelako" EH Bildurekin aurrekontuari buruzko negoziazioak apurtutzat eman zituela gogorarazi ostean, Del Riok esan du EAJren metodo tradizionala "ez hitz egitea, ez negoziatzea, ez partekatzea eta ez adostea" dela.

"Zertarako ireki herritarren beste ordezkariekin akordioak lortzera? Zergatik egin esfortzua? Emaitza? Tradizioa da, aurrekontuak bakarrik onartzea. Eta errua gainerakoena, beti bezala. Harrokeria lagun txarra da gobernatzeko orduan", adierazi du. 

Maria del Riok azaldu duenez, indarren arteko harremanaz jabetuta, eta EH Bildu bigarren indarra eta Gobernuaren alternatiba dela jakinda, "adostasun zabalak eragin zitzaketen proposamenak partekatu ditugu gobernu taldearekin, planteamendu serioa, egingarria eta funtsezkoa, prozesu honetan beste paper bat izan dezakegula uste baikenuen". 

"Izandako elkarrizketei balioa ematen badiegu ere, gobernantza kooperatiboak haratago joan behar du", adierazi du. "Gauzak beste modu batera egin ahal izango lirateke, taldeekin zirriborro bat partekatu, ekarpenak jaso, aztertu eta baloratu eta, ondoren, akordioak lortu edo ez", gaineratu du. Bere ustez, horrek "ez luke utopia bat izan behar", inguruko udalerrietan egiten baita. 

Maria del Rioren esanetan, "gauzak beste era batera egin daitezke eta egin behar dira". "Onartutako aurrekontuak klima-aldaketarekiko hiri erresilienteago eta egokitzaileago batera hurbiltzen al gaitu? Etxebizitza larrialdi-egoerari erantzunik ematen dio? Zaintzan inbertitzen du edo, alderantziz, osasun komunitarioan murrizketak dakar? Auzoetan eta gizarte-kohesioan inbertitzen du? Ba al dago aurrekontuak egiteko modu hoberik?", galdetu du. "Ziur gaude gaur hemen dauden pertsona guztiek, bozkatzen dutena bozkatzen dutela, erantzuna zein den badakitela", ziurtatu du. 

Ekoizpen artistiko eta kulturala eta udal-merkatuak 

Bestalde, Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, alderdi subiranistak 23 proposamen zehatz eskaintzen zituen, proposamen "egingarriak,  fundamentuzkoak eta herritarren bizitzetan eragina dutenak". "Askotan esan dugu, gauzak beste modu batera egin zitezkeen eta emaitza bestelakoa izango zen, Bilbok aurrekontu hobeak izango zituen, baina udal gobernuak ate hori itxi du", adierazi du. 

EH Bilduk etxebizitzari, trantsizio ekologikoari, hiri-kohesioari, zaintzari, euskarari eta kultura eta garapen ekonomikoari buruz egindako proposamenetatik, Udal Gobernuak aurrekontuetan bi sartzea erabaki duela azaldu du Renedok, lehena ekoizpen artistiko eta kulturalari buruzkoa eta bigarrena udal merkatuei lotua. 

EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, lehenengoak "behar argi bati erantzuten dio", hau da, "ekoizpen artistiko eta kulturalean inbertitzea, bai talentua erakarriz, eta, nagusiki, tokiko talentua bultzatuz". "Bilbo nazioarteko kultura- eta arte-zirkuitu baten parte izan dadin, oinarrizko behar batzuk ditugu oraindik betetzeko, eta horiek funtsezkoak dira ekoizpena bultzatzeko", adierazi du. 

Ildo horretan, tokiko ekoizpenean zentratzeak "Euskal Herrian ehun oso bat dinamizatzea ahalbidetzen digu, tokikoa baina baita nazionala ere, kultur espazio txikiagoak elikatzen dituena, eta ez soilik museo eta areto handi batzuk", azpimarratu du. 

Udal merkatuei dagokienez, udal merkatuak birpentsatzeko beharra azpimarratu du EH Bilduko zinegotziak. "Berritzaileak izatea eta espazioari zein merkataritzari bultzada ematea funtsezkoa da. Beharrezkoak diren itoginetatik  eta bestelako konponketetatik haratago, merkatu bakoitzari erantzun pertsonalizatua eman behar zaio, negozio-eredu osoari lotuta", zehaztu du.

Gobernu taldeak aurrekontuan sartu dituen zuzenketez gain, Renedok "gauzak beste era batera egiteko beharra" azpimarratu du. Horren ildotik, zehaztu du EH Bildu harremanetan jarri zela arloko zinegotzi delegatuekin, onartutako zuzenketa horien jarraipena egiteko, hitz egiteko eta horien inguruan akordioak lortzen saiatzeko.

 

"Mediatikoa izan ez arren, merezi duen metodologia bat iruditzen zaigu, elkarlaneko gobernantza-espazioak sortzea, alegia, talde ezberdinek partekatu eta erabaki ahal izateko ", nabarmendu du.