AKTUALITATEA


| 2025-01-09 10:43:00

Karlos Renedo Bilboko EH Bilduko zinegotziak Udal Gobernuari eskatu dio, zehazki Mugikortasun arloari, funikularra konpondu eta martxan jarri arte, horren maiztasun berdinarekin behin-behineko lanzadera berreskuratzeko, Artxandako bizilagunek eskatzen duten bezala. Halaber, Bilbobusen A7 linea ordu erdiro mantentzea eskatu dio, nahiz eta funikularra martxan jarri, hori ere herritarren aldarrikapen historikoa baita. 

Abenduaren 11n funikularrean luizia gertatu ondoren, Udal Gobernuak behin-behineko lanzadera bat ezarri zuen funikularraren maiztasun berarekin. Hala ere, abenduaren 23an kendu zuen zerbitzu hori, urtarrilaren 7an berreskuratuz, baina askoz ere maiztasun gutxiagorekin: 17:00etatik 22:00etara eta 45 minuturo. 

Murrizketa hori, Renedoren arabera, "ulertezina eta onartezina da, are gehiago kontuan hartuta funikularrak duen erabiltzaile kopuru handia, 1,1 milioi 2023an, eta garraiobide nagusia dela anbulatoriora, udaltegira eta erosketak egitera joaten diren Artxandako bizilagunentzat, egoitzetako eta jatetxeetako langileentzat eta kiroldegira eta futbol-zelaira joaten diren pertsonentzat". 

"Derrigorrezkoa da zerbitzu hori Artxandako zonaldeari eskaintzea, kontuan hartuta, gainera, obrak luzerako doazela, bi hilabete baino gehiagorako, hain zuzen ere", adierazi du. EH Bilduko zinegotziaren ustez, "ez dago aitzakiarik ez egiteko, ez teknikorik, ezta ekonomikorik ere; izan ere, aurrekontuak onartu berri ditugu, hirirako 719 milioi euroko kopuruarekin". 

"Ezin dugu mugikortasun jasangarriaz hitz egin, ondoren ezustekoak gertatzen direnean garraio publikoko zerbitzu on bat bermatzeko beharrezko neurriak gaitzen ez baditugu", amaitu du.