EH Bildu udal taldeak azaroko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez, egun 30 langile dituen Funicular S.A. enpresa publikoa modu integralean birplanteatzeko eskatu dio Udal Gobernuari, funikularraren zerbitzuaren, zein igogailuen eta arrapala mekanikoen zerbitzuaren erronka eta eskaera berrietara egokitzeko. Izan ere, bata zein bestearen erabilera handitzen doa urtetik urtera.
Karlos Renedok EH Bilduko zinegotziak zehaztu duenez, funikularraren kasuan, "Bilboko erdialdea aisialdirako gune nagusienetako den Artxandarekin lotzeaz gain, Bilboko ikur turistiko bihurtu da". Bere esanetan, azken 20 urteetan hirukoiztu egin da erabiltzaileen kopurua, eta azken 3 urteetan %55, %40 eta %25eko igoerak izan ditu.
"2023an 1,1 milioi bidaiari izan zituen, 2022an baino 100.000 gehiago, eta aurten marka hobetzea aurreikusten du, 1,2 milioira iritsiz", azaldu du. Datu horiek diru bilketan ere isla izan dutela gaineratu du, azken 10 urteetan diru-bilketa laukoiztu baita. Era berean, Renedok adierazi du gaur egun geltokia birmoldatzeko obrak egiten ari direla zerbitzua hobetzeko, eta etorkizuneko bagoiak diseinatzen ari direla. "Horrek guztiak, argi eta garbi, lan-premia desberdinak ekarriko ditu", nabarmendu du.
Renedok gogorarazi du, halaber, enpresa publiko hori ez dela soilik funikularraz arduratzen, baita 70 igogailu eta 20 eskailera eta arrapala mekanikoez ere, guztiak udalekoak eta doakoak, "lurralde- eta gizarte-kohesio handiagoa ahalbidetzen dutenak, milaka bilbotarren bizi-kalitaterako ezinbestekoak izanik".
Esan duenez, iaz 19 milioi pertsonek erabili zuten mugikortasun bertikaleko horietako elementuren bat, eta aurten 20,4 milioi izango direla aurreikusten da. Gainera, 2025erako igogailuen kopurua handitzea aurreikusten da. "Zalantzarik gabe, gure herria mugikortasun bertikalaren aroan murgilduta dago, eta, jakina, hala izan behar du, baina zalantzarik gabe, enpresa funtzio berri horietara egokitu beharko da", adierazi du.
Renedok adierazi duenez, azaldutako guztiak agerian uzten du 30 pertsonako plantillarekin "zaila dela zerbitzu guztien funtzionamendu egokia eta lan eskubideak bermatu ahal izatea, izan ere, hala helarazi digute behin baino gehiagotan langileek". Esate baterako, egun funikularreko leihatiletan tiketak saltzeaz gain hiriko igogailu guztien funtzionamendua kontrolatzen da. Horrek agerian uzten du beharrezkoa dela beste era bateko antolaketa.
EH Bilduko zinegotziak nabarmendu du erronka horiek guztiek Funicular S.A. enpresaren funtzioa eta lanak birplanteatzea eskatzen dutela, eta hori "gobernantza kooperatiboaren logikaren barruan egin behar dela, zuzendaritza kontseiluaren, langileen eta erabiltzaileen parte-hartzearekin".
Hala eskatzen dute mozioan, honako helburu hauekin: "funikularraren erabilera zerbitzuaren erronka eta eskaera berrietara egokitzea; enpresa antolatzea, funikularraren digitalizazioaren berehalako erronkaren aurrean; eta dauden eta etorkizunean izango diren igogailu eta arrapalen kudeaketari eta mantentzeari aurre egitea, enplegu publikoa sortzearen alde eginez".
"Helburua egoera berrira egokitzea eta etorkizun hurbilari aurre egitea da, egungo lanpostuei eusteaz gain, zerbitzuak hobetzeko enplegu publiko berriak sortu ahal izateko", nabarmendu du.