Ordenantza fiskal berria urtarrilaren 1ean indarrean sartzearekin batera, Etxez Etxeko Arreta Zerbitzuaren erabiltzaile askok gehiegizko igoera izan dute zerbitzuaren prezioetan. Egoera "larri" horren aurrean, Maria del Rio EH Bilduko udal bozeramaileak ordenantza fiskala lehenbailehen aldatzeko eskatu dio Udal Gobernuari, behar duten bilbotar guztiei zerbitzua bermatzeko. Era berean, oinarrizko zaintza zerbitzua eta herritarren eskubide subjektiboa dela gogorarazi du.
Aldaketa hori, azaldu duenez, irizpide hauek kontuan hartuta egin behar da: 1) zerbitzuaren kostua erabiltzailearen ekarpenetik bereiztea; 2) ondarea ordaindu beharreko tasaren kalkulutik kanpo uztea; 3) errenta baxuenak dituzten pertsonak Etxez etxeko zerbitzuaren ordainketatik salbuestea; 4) orduko prezioa mugatzea lehiakorra izan dadin eta ezein erabiltzaile sistematik ez kanporatzeko; 5) hertsiki proportzionala ez den sistema bat ezartzea, eta, beraz, laguntza handiagoak behar izateagatik zerbitzuaren intentsitate handiagoaren beharra ez zigortzea; eta 6) erraz ulertzeko moduko sistema bat finkatzea.
Del Riok gogorarazi duenez, ordenantza fiskal berria indarrean sartzearekin batera, erabiltzaile askok igoera onartezinak jasan dituzte zerbitzu horren prezioan, kasu batzuetan hori biderkatuz, 220 erabiltzailek baja hartzeraino.
EH Bilduko bozeramailearen esanetan, egoera "kezkagarria" da, kontuan hartuta, gainera, "koordainketa handi baten ondorioz, erabiltzaileek antzeko zaintzak kostu txikiagoan eskaintzen dituzten enpresa pribatuetara joko dutela, edo profesionalizatutako zerbitzuak familia-zaintzak edo profesionalizatu gabeko zerbitzuak ordezkatuko dituztela". Ohartarazi duenez, horrek "eragin zuzena du arretaren kalitatean; eta, gainera, zaintza informalen sektore feminizatua, prekarizatua eta arrazializatua bultzatzen du".
Zerbitzuaren unibertsalizazioa
Beraz, bere ustez, "premiazkoa da prezio publikoen politika aldatzeko neurriak hartzea, zerbitzuaren unibertsalizaziorantz aurrera egin ahal izateko, behar dutenek zerbitzua eskura izan dezaten". Horregatik, Udal Gobernuari eskatu dio ordenantza fiskala berehala aldatzeko, aipatutako irizpideetan oinarrituta.
María del Riok gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu behar duela prezio publikoak arautzeko erantzukizuna. Hala ere, egiten ez duen bitartean, "udal mailan hausnarketa sakona egin behar da, Bilboko Udala baita bere prezio publikoa ezartzeko eskuduna".
Edonola ere, azaldu duenez, Etxez Etxeko Zerbitzuari eta zaintza-politika publikoei buruzko eztabaida sakona beharrezkoa izanda, prezioen igoera neurrigabeak sortutako egoera "larriaren” aurrean Udal Gobernuak premiaz jokatu behar du eta ordenantza berriarekin sortutako arazoei erantzun behar die”.
"Espero dugu EAJk eta PSEk proposamena aintzat hartzea eta ahalik eta lasterren martxan jartzea, behar duten pertsona guztiek oinarrizko zerbitzu hori erabili ahal izateko eta bidezko zaintza-sistema baterantz aurrera egiteko, atzerapausoak eman beharrean, gertatu den bezala", amaitu du.