AKTUALITATEA


| 2024-04-25 16:19:00

EH Bilduri esker, aldian-aldian Errekaldeko biaduktuaren proiektuaren aurrerapenari buruzko informazioa jasoko du Errekaldeko barruti-kontseiluak, eta bertan ordezkatuta dauden elkarte eta kolektiboek bertatik bertara izango dute proiektuaren garapenari buruzko informazioa. Akordio hori gobernu taldearen eta EH Bilduren arteko zuzenketa transakzionatu bat onartu ostean lortu da, alderdi soberanistaren ekimen baten ondorioz. 

Patxi Xabier Fernandez EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, "Errekaldeko bizilagunok 50 urte baino gehiago daramatzagu zubibidearen eraistea aldarrikatzen". Ia bost hamarkada bete gabeko promesak eta akordioak izan dira, eta urte horietan azpiegitura horren ondorioak pairatzen ari dira: kutsadura akustikoa, CO2 emisioak, istripuak…etab. 

Patxi Xabier Fernandezen ustez, akordio honekin hainbat helburu lortuko dira, besteak beste, erakundeen arteko lankidetza indartzea eta 5,8 milioi euro esleitu zaizkion proiektu honen gardentasuna bermatzea. 

"Beharrezkoa da Foru Aldundian gauzak nola doazen zehatz-mehatz jarraitzea, eta guztion artean egitea, eraikuntza-proiektua epe barruan egin dadin, eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen eta, eraikuntza-proiektua idatzi ondoren, galdutako proiektu bezala ez gelditzeko", nabarmendu du. 

Gainera, esan duenez, "autopista inguruan bizi diren 50.000 auzokideak lasaiago sentituko dira proiektuaren garapenari buruzko informazioa barruti-kontseiluaren bidez jasotzen dutenean, auzoko elkarte eta kolektiboak bertan ordezkatuta daudelako”.

"Errekaldeko bizilagunek ia mende erdia daramate proiektu honen zain, ez dute hitzik behar, ekintzak eta errealitateak baizik, eta, behingoz, auzoko bizi-kalitatea haren hiri-diseinu hobea eta, azken finean, bizi-baldintza hobeak bermatzea. Funtsezkoa da garapen egokia bermatzeko behar diren mekanismoak jartzea ", amaitu du.