AKTUALITATEA


| 2025-02-11 10:59:00

Patxi Xabier Fernandez EH Bilduko zinegotziak esan du Bilboko terrazen ordenantzak "kontuan hartu behar dituela Bilboko errealitate ezberdinak, egoera ez baita berdina auzo guztietan". Horren ondorioz, aipatu duenez, "terrazen kontzentrazio edota saturazio handia gertatzen den eremuetan neurri espezifikoak hartu beharko lirateke". 

EH Bilduko udal taldeak Terrazetako ordenantzaren zirriborroa baloratu du eta Gobernu taldeari helarazi dio hausnarketa. Fernandezek azpimarratu du alderdi subiranistak irakurketa hori eta bere ekarpenak egin dituela inplikatutako eragile guztiekin bildu ondoren (auzo-, merkatari- eta ostalaritza-elkarteak, besteak beste), eta horiekin lanean jarraituko duela ordenantza eraginkor bat lortzeko. 

Fernandezek azaldu duenez, terrazek sortutako egoera eta ondorioak ez dira berdinak auzo guztietan. Hori dela eta, hiri osorako ordenantza orokor bat eta eremu saturatuetarako neurri berezi batzuk ezartzea estrategia egoki bat litzatekela uste du. Haren ustez, gutxienez hiru dira arautze espezifikoa behar dutenak: Zabalgune plaza, Alde Zaharra eta Martzana kaia. 

Azken horietan, esan duenez, "arazoa oso lotuta dago espazio publikoaren erabilera intentsiboarekin, ostalaritza-establezimenduen kontzentrazioagatik, alegia". Horregatik, konponbidea "ez da hainbeste altzarien eta distantzien erregulaziotik etorriko, baizik eta okupazioaren eta pertsonen gozamenerako espazioaren erabileraren arteko orekagatik". Horrela, kontzentrazio-eremuetan, kaleetan eta plazetan okupatu beharreko gehieneko azalera ezartzea planteatu du. 

Gaineratu duenez, eremu zehatz horietarako "neurri espezifikoak hartu behar dira, adibidez, tunel efektua saihesteko, oinezkoen gehieneko azalera okupagarria ezartzeko, edukiera eta lokalaren zerbitzuen arteko oreka bermatzeko, eta altzarien pilaketa edo ordutegi espezifikoagoak arautzeko". 

Bilboko gainerako zonaldetarako, Fernandezen esanetan, "garrantzitsuena diseinu, gehieneko okupaziorako eta irisgarritasunerako irizpideak ezartzea da, baita etorkizunean gain okupazioa saihesteko kontrol-mekanismoak ezartzea ere". 

EH Bilduko zinegotziak adierazi du espero duela Udal Gobernuak hausnarketa hori partekatzea ordenantza egiteko orduan, eta gaineratu du aurkeztutako zirriborroak "zehaztasun falta handia" duela, "segurtasun juridiko ezari bidea irekitzen dio eta aplikatzeko orduan zalantzak sortzen ditu".