AKTUALITATEA


| 2021-11-25 17:34:00

EH Bilduren ekimenez, Bilboko Udalak diagnostiko bat egingo du, aztertzeko Bilboko aisialdiko, kulturako eta kiroleko eskaintzak zenbateraino erantzuten dien herritarren premia berriei eta aisialdiko ohitura-aldaketei. Azterlan hau auzoak kontuan hartuta, bai eta adinaren, generoaren, kultura-aniztasunaren edo dibertsitate funtzionalaren irizpideak kontuan hartua ere egingo da.

Azterlan honek kontuan hartuko ditu bai herritarren iritzia, bai sektore horiekin lotura zuzena duten eragileena, balorazioa egin ondoren, Bilboko Udalaren eskaintza egokitu ahal izateko. Akordio hori EH Bilduk eta Gobernu Taldearen erdibideko zuzenketa da, alderdi subiranistak aurkeztutako mozio baten ondorioz.

Jone Goirizelaia EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, oso akordio positiboa da, aisialdiko eta denbora libreko eskaintza bilbotarren benetako beharretara egokitzea, jarduera berriak martxan jartzea, alternatiba horiek eskaintzeko guneak antzematea eta jarduera horiek guztiak adin guztietako eta Bilboko auzo guztietako herritarrei modu antolatuan eskaintzea ahalbidetuko duela uste baitu.

Goirizelaiak gogorarazi du Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 24. artikuluak giza eskubidetzat hartzen duela atsedena eta denbora librea, eta nabarmendu du erakundeek horiek bermatzeko mekanismoak abiarazi behar dituztela.

Horretarako, haren ustez, beharrezkoa da diagnostiko sakon bat egitea Bilboko errealitatea ezagutzeko, eskaintza osoa ezagutzeko eta eskaintza horrek herritarren beharrei erantzuten dien jakiteko, gizartea egunez egun aldatu eta aldatzen baita, eta horrekin batera aisialdiko ohiturak ere bai.

Esan duenez, azterlan hau egin eta ondorioak ezagutu ondoren, Bilbon gaur egun dauden aisialdiko eta denbora libreko benetako beharrei erantzuteko lanean hastea tokatzen da, espazio osasungarri eta positiboak sortuz eta esperientzia desberdinak eskainiz, non belaunaldien arteko elkartrukea, elkartasuna, lankidetza, sorkuntza eta herritar guztien garapen pertsonala modu positiboan sustatuko duten balioak indartuko diren.