AKTUALITATEA


| 2026-02-26 14:25:00

2027. urterako, Bilboko barruti guztietan 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako espazioak egongo dira, EH Bilduren udal taldeak aurkeztutako proposamena onartzeari esker.

Nerea Undabarrena EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du, 2024ko abenduan, EH Bilduren ekimenez, 0-3 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako lehen udal espazioa egokitu zela Esperantzako frontoian. Espazio honek oso harrera ona izan du bai erabiltzaileen eta baita profesionalen aldetik ere, beraz, Miribillara eta Castañosera zabaldu da.

Familiek etxeko txikienekin denbora, jolasa eta sozializaziorako espazioak partekatzen dituzten gune hauen garrantzia nabarmendu du Undabarrenak. Horretarako, azaldu duenez, profesionalen dinamizazioa dute eta hainbat jarduera antolatzen dira, hala nola, ipuin kontalariak, musikoterapia, zentzumen tailerrak, kolore eta soinuei buruzko tailerrak…

Esan duenez, "haur txikien autonomia, garapen psikomotorra eta lotura afektiboa sustatzeko diseinatutako inguruneak dira, eta, gainera, familien artean hazkuntzari buruzko esperientziak trukatzen direnez, laguntza-sare komunitarioak sortzen dira; oso garrantzitsuak dira ongizaterako eta zaintzarako, eta zaurgarritasun-egoerak hautemateko aukera ere ematen dute".

Horregatik guztiagatik, pozik agertu da Undabarrena EH Bilduren ekimena onartu delako, izan ere, hiriko familia guztiek bizi diren lekutik gertu gune horietara sarbidea izatea ahalbidetuko dute, Altamiran bizi den familia batentzat, adibidez, oso zaila baita Alde Zaharreraino joatea.