Izaera “mugatzailea” eta “zigortzailea” duten arauen ordez, ‘Kale Artisten Praktika Onen Gida’ sortzea proposatu du EH Bildu udal taldeak. Gida hori inplikatutako artisten parte hartzearen bidez egitea planteatzen du alderdi soberanistak, gobernantza kooperatiboa oinarri izanik.
Horren berri eman du gaur Patxi Xabier Fernandezek, EH Bildu udal taldeko zinegotziak Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Gogorarazi duenez, “gure hirian, historian zehar, beti aurkitu izan ditugu kale artistak eta musikariak kaleak alaitzen, kultura espazio publikora eramanez eta guztioi euren musikaz gozatzeko aukera eskaintzen”.
Baina, Fernandezek nabarmendu duenez, “orain arte gure paisaia izan den egoera hori aldatzeko arriskuan dago”, izan ere, “Terrazen Ordenantza berria egun idatzita dagoen moduan onartzen bada, musikariek Bilboko kaleetan duten presentzia asko murriztuko litzateke”.
Horren aurrean, artistek bere “kezka” eta “haserrea” agertu dutela eta SOS Bilboko Kaleak Artistak plataforman elkartu direla aipatu du. Egoeraz arduratuta, EH Bilduko kideak artistekin harremanetan daudela azaldu du Fernandezek, “guztion artean, adierazpen askatasuna mugatuko lukeen egoera hori saiheste aldera, neurriak hartzea bilatzeko helburuarekin”.
Horren harira, martxoko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko proposamena aurkeztu du EH Bildu udal taldeak. Horren bidez, udal gobernuari eskatzen dio arloko kulturgileekin batera ‘Kale Artisten Praktika Onen Gida’ sortzea, erakustaldi artistikoak parte hartzearen bidez arautzeko.
Fernandezek esan duenez, Bilboko Udalak, Espazio Publikoaren ordenantzaren bidez eta “arloko sortzaileekin inolako hartu-emanik izan gabe”, emanaldi hauek “mugatu nahi izana, zigorren bidez, ez da, inondik inora, onargarria”. Ildo honetan, adierazi duenez, “ezinbestekoa” da “bizilagunen deskantsatzeko eskubidea eta espazio publikoaren erabilera kulturalaren arteko oreka bilatzea” eta, eragileen parte hartzearekin egindako gida hau, “modu egokia” dela uste du.
“Badago gauzak beste era batera egiteko eta arautzeko aukera, bizilagunen deskantsua eta espazio publikoaren erabilera kulturalaren oreka bermatuz. Egin dezagun, kantatzen duen herria ez da inoiz hilko, ez dezagun Bilbo hiltzen utzi”, azpimarratu du.