AKTUALITATEA


| 2023-02-09 14:18:00

EH Bildu udal taldeak otsaileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez, Zabalbideko ur-biltegi zaharrean irekiko den aterpetxea etxerik gabeko pertsonentzako neguko aterpetxe gisa prestatzea eskatzen du, erromesen aterpetxe gisa funtzionatzen ez duen hilabeteetan.

Udal gobernuak erromesentzako aterpetxe bihurtzeko asmoa duen Zabalbideko ur-biltegi zaharrean eskainitako prentsaurrekoan, Alba Fatuartek EH Bilduko zinegotziak azaldu du, azken asteetan Bilbon izaten ari diren tenperatura baxuen aurrean, Udalak etxerik gabeko pertsonei larrialdiko ostatua emateko plazak indartzeko plan bat aktibatu duela.

Hala ere, esan duenez, “ilara luzeak ikusi ditugu SMUSan, baliabideak gainezka, pertsona bat ere hil da Boluetan lo egiten zuen txabolak su hartuta, eta Uribarrin etxerik gabeko pertsona batek eraso bortitza pairatu du”. “Gainera, behin hotz-bolada desaktibatzen denean, jende asko kalera itzultzen da, negua izaten  jarraitzen duen arren”, ohartarazi du.

Ildo horretan, Fatuartek  gogorarazi du, pandemiaren ondorioz Altamirako aterpetxea itxi ondoren, Bilbok ez duela neguko aterpetxerik etxerik gabeko pertsonentzat. Hirian etxegabetasun-tasa sei urtean bikoiztu egin dela kontuan hartuta, bere ustez, “beharrezkoa da kalean dauden 250 pertsona baino gehiagori zerbitzua emateko azpiegitura publikoak indartzea”.

Udal Gobernuak, hain zuzen ere, ur-biltegi zaharra erromesentzako aterpetxe bihurtzeko proiektua iragarri du, eta udaberritik udazkenera bitartean baino ez du irekiko. Hori dela eta, azpiegitura hori Bilboko neguko aterpetxea berreskuratzeko aprobetxatzea proposatu du EH Bilduk, bi erabilerak “bateragarriak” baitira. Helburu horrekin, mozio bat aurkeztu du udal gobernuari eskatzeko Europako funtsekin finantzatuko den azpiegitura berri hori bidera dezala etxerik gabeko pertsonei neguko hilabeteetan ostatu ematera, eta ekipamendu horren kudeaketa publikoa izan dadila.

“Bilbon ditugun etxegabetasun kronikoari buruzko datuen aurrean, ulertezina da Udalak urteetan aterpetxe berria irekitzea eta hau egunero kalean lo egiten duten ehunka pertsonei aterpea emateko ez erabiltzea”, adierazi du Fatuartek. Horregatik, udal gobernuak eta udalbatzak EH Bilduren proposamena onartzea espero duela gaineratu du, Bilbon etxerik gabeko pertsonentzako zerbitzuak zabaltzeko.