Sei hilabetez udal erreskate eta anbulantzia zerbitzurik gabe egon ondoren, Bilboko larrialdien arretan sortzen diren koordinazio arazoei garrantzirik ez kentzeko eskatu dio gaur EH Bilduk Udal Gobernuari, eta jarduera protokoloak berrikusteko eskatu du.
Ildo horretan, Udal Gobernuak egindako agerraldian, Asier Gonzalezek EH Bilduko zinegotziak, galdetu du SAMUR zerbitzu propia kendu ondoren protokoloak aldatu diren eta ea protokolo horiek modu positiboan erantzuten ari diren anbulantzia-unitate bat behar den kasu bakoitzari.
Horrela, SAMUR kentzeak izan duen eraginari buruzko datuak eskatu ditu (atzerapen-denborak, koordinaziorik eza, etab.); izan ere, “zerbitzurik gabe sei hilabete eman ondoren, errealitate berriaren balantzea egitea tokatzen da”.
“Agerraldian Udaleko arduradunek desorekak eta atzerapenak antzeman dituzte baina era berean horiei garrantzia kendu diete. Hori ez da batere positiboa, izan ere, larrialdi guzti-guztiak berebizikoak dira behar duen pertsonarentzat”, nabarmendu du.
Bestalde, EH Bilduko zinegotziak gogorarazi du anbulantziak ere beharrezkoak direla lan-arriskuen prebentziorako, suhiltzaileen balizko istripuei erantzuteko, adibidez, eta galdetu du nola jokatzen ari diren une hauetan, dagoeneko ez baitugu SAMURrik.
Azkenik, galdetu du ea aurreikusita dagoen jarduketa bereziko protokolo edo dispositibo bat San Joan suei begira.