EH Bildu udal taldeak Sexu Transmisiozko Infekzioak (STI) modu eraginkorrean ekiditeko neurriak martxan jartzeko eskatu dio Udal Gobernuari, otsaileko osoko bilkuran eztabaidatuko den mozio baten bidez. Garazi Pereak EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, Europar Batasunean erreferentziazko erakundea den Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak adierazi duenez, STI kasu kopuruek gora egiten jarraitzen dute Europa mailan, eta horrek agerian utzi du infekziook prebenitzeko eta tratamenduak hobetzeko beharra dagoela.
"Hego Euskal Herria ere sexu-transmisiozko infekzioek gora egiten jarraitzen dute, eta intzidentzia handiena duten bi gaixotasunak, gonorrea eta klamidia, izugarri ugaritu dira. 2023an, 1.700 gonorrea kasu berri baino gehiago zenbatu ziren, duela bi urte baino %58 gehiago", aipatu du.
Hori dela eta, EH Bilduko udal taldeak Sexu Transmisiozko Infekzioak (STI) prebenitzeko helburuarekin, hainbat neurri hartzeko eskatzen dizkio Udal Gobernuari, bi arlotan, hezkuntza eta jai arloetan, alegia. Batetik, hezkuntza afektibo-sexuala eta STIen prebentzioa lantzeko helburuarekin, Lehen Hezkuntzako azken ziklotik aurrera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila guztietako ikasle guztiei zabaldu daitezela dagoeneko martxan dauden programak. Bestetik, Udal Gobernuak aisialdiko eremuetan, jaigune eta ekitaldi handietan, STIak prebenitzeko kanpaina espezifikoak egin ditzala proposatzen du alderdi soberanistak.
Bombero Etxanizeko zentroa
Azkenez, Bilboko Udalbatzak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari honako eskaera luzatzea planteatzen du EH Bilduk: Bombero Etxaniz osasun zentroko itxaron zerrendak arintzeko neurriak har ditzala eta aldi berean, diagnostiko goiztiarrerako eta diagnostiko osteko prozesuan erantzun egokia eta integrala emateko beharrezkoak diren bitartekoak jar ditzala. Izan ere, Pereak adierazi duenez, Bombero Etxanizen dagoen STIen erreferentziazko zentroa saturazio egoeran dago, eta eskaera handiak zaildu egiten du pazienteei arreta azkarra eta eraginkorra ematea.
"Errealitate horren aurrean, ezinbestekoa da prebentzioaren arloko ahaleginak indartzea, herritarrak sentsibilizatzeko eta hezteko kanpaina espezifikoak sustatuz eta STIen prebentzio-estrategiak indartuz", azpimarratu du.