AKTUALITATEA


| 2020-07-08 11:53:00

BBK banku-fundazioak Bilbo Zaharra auzoko ‘sehaska etxea' hartzen zuen eraikinean hasitako obrak direla eta, EH Bilduk espazio horren funtzio sozialari eusteko eskatu du, auzoaren behar sozialei erantzuteko ekipamendu gisa.

Alba Fatuarte EH Bilduko zinegotziak gogorarazi duenez, 2018an Bilbao Bizkaia Kutxa Banku Fundazioak San Antongo "sehaska etxea" eraikina hartzen zuen haur-eskola itxi zuen, eta Urazurrutia kaleko eraikin horri erabilera berriak bilatzeko ideia-lehiaketa deitu zuen, BBKren arabera, "eraikinaren erabilerak inguruko beharretara egokitzeko eta Bizkairako erreferentziazko zentro berri bat sortzeko".

Une hartan, Fatuartek adierazi duenez, EH Bilduk, Bilbo Zaharra auzoko hainbat eragile sozial eta kulturalek bezala, "kezka" agertu zuen "BBK-Kutxabanken esku ‘sehaska etxeak’ bere funtzio soziala galtzearen arriskuagatik; izan ere, BBK bankarizatu eta pribatizatu ondoren, pixkanaka bere Gizarte Ekintzatik aldentzen joan da".

Horregatik, auzoko hainbat auzo elkarteak, kultur eta eta gizarte eragileekin, proposamen bateratu bat aurkeztu zuten lehiaketa horretara, hainbat proiekturekin, hala nola, bakardade-egoeran dauden adinekoentzako gune bat, emakumeen etxe bat, meatze-auzo horren memoria ez galtzeko gune bat, edo ikasle edo langabeentzako prestakuntza-gune bat. "Proiektuak desberdinak ziren, baina guztiek helburu bera zuten: gizarte-kohesioa sustatzea, ikuspegi inklusibo batetik, justizia sozialaren printzipioan oinarrituta", adierazi du.

Era berean, Fatuartek azaldu duenez, EH Bildu udal taldeak proposamen bat aurkeztu zion 2018ko martxoan Bilboko Udalbatzari, "sehaska etxearen funtzio soziala mantentzeko eta BBK Banku Fundazioak Bilbo Zaharreko herritarren beharrei eta eskaerei erantzungo ez zien proiektu bat ez inposatzeko".

Eztabaidan, gogorarazi duenez, Xabier Otxandiano zinegotziak Udalaren eta BBK Fundazioaren "parte hartzeko bide bat irekitzeko" konpromisoa agertu zuen, baina "bi urte geroago, Bilboko Udalak eta BBK Fundazioak ez dute hitza bete, parte-hartze prozesu hori ez baitzen inoiz egin".

Horri gehitu behar zaio duela egun batzuk obrak hasi direla eraikinean. Hori dela eta, EH Bildu Udal Taldeak hainbat galdera erregistratu ditu egoera argitzeko, eta, beste behin ere, Bilbo Zaharreko auzotarren eskutik partaidetza-prozesu bat egiteko eskatu du, sehaska etxeak auzoaren kohesio soziala sustatzen jarraituko duela bermatzeko. 

“Espoliazioa”

EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, Ricardo Bastida udal arkitektoak diseinatutako Sehaska Etxea 1916an sortu zen eta, bere jarduerarekin, gizarte arreta eskaini zuten, Udalaren esku-hartzea osatuz, herritar guztien bizi baldintzak hobetzeko asmoz.

"Ehun urte beranduago, Bilbo Zaharra auzoa aldatu den arren, arrakala sozialak arintzeko eta auzoan kohesio soziala sustatzeko ekipamendu baten beharrak indarrean jarraitzen du", nabarmendu du.

Horren jakitun, Fatuartek esan du EH Bilduri "ulertezina" iruditzen zaiola "diru publikoarekin altxatutakoa orain helburu pribatuetarako erabiltzea", eta BBK Banku Fundazioa "espoliazioa" egiten ari dela uste du.