AKTUALITATEA


| 2021-08-18 11:59:00

EH Bildu Bilboko udal taldeak salatu duenez, Udal Gobernu Taldeak iragarritako tasa eta zergen izozteak "ez du bilbotarren errealitate sozialarekin bat egiten" eta "berriro ere fiskalitate bidezkoago eta progresiboago batean sakontzeko aukera galtzen da".

Asier Gonzalez EH Bilduko zinegotziak gaur egin ditu adierazpen horiek, Gobernu Taldeak fiskalitatearen prorrogaren proposamena iragarri ostean. "Tasen aplikazioan aldaketa txikiak baino ez dira planteatu, eta aldaketa txiki horiek sakon aztertu behar ditugu, eragina ezagutzeko eta, beharrezkoa balitz, alternatibak proposatzeko", zehaztu du zinegotzi subiranistak.

Zentzu horretan, Asier Gonzalezek adierazi duenez, "iazko ordenantza fiskalek ez zieten mesederik egiten baliabide gutxien zituzten bilbotarrei, eta konstruktoren jarduera eta enpresa-interes handiak saritzen zituzten, horrela, karga fiskala herritar guztiei helaraziz". Beraz, "2022rako gauza bera gertatuko da, bilbotarren artean pandemia eragiten ari den ondorio sozioekonomiko larriak kontuan hartu gabe".

Hori dela eta, EH Bilduk adierazi duenez, "politika fiskala bidezkoagoa izan dadin, proposamenak egiten jarraituko dugu 2022ko kurtsoan zehar, etxebizitzaren, tasa turistikoaren, genero ikuspegidun fiskalitatearen eta abarren arloan".