Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak, salatu duenez Merkatu eta Eskumenen Batzorde Nazionalak isuna jarri dien aholkularitza-enpresen kartelaren ‘iparraldeko sareari’ dagokionez, lizitazio irregularren %25 inguru (miloi bat euro baino gehiagokoak) Bilboko Udalarekin eta bereziki Bilbao Ekintzarekin lotuta daude.
Goirizelaiak kritikatu duenez, oposizioko talde guztiek eskatuta, Gobernu taldearen azalpenak "berandu iritsi dira, gertaeren larritasuna eta Udaleko arduradunek ezagutzen zituztela kontuan hartuta". "Agerraldia lehenbailehen deitu beharrean, horretarako zuten azken egun baliodunera arte itxaron dute, eta, gainera, Xabier Otxandiano falta da, eta hori oso esanguratsua iruditzen zaigu", adierazi du.
Goirizelaiak Bilboko Udalarekin lotutako eta MLBNren txostenean jasotako lizitazio irregularretako batzuk aipatu ditu, besteak beste, Juan Mari Aburtoren lehen agintaldiko gobernu-plana egiteko laguntza teknikoaren kontratuari dagokiona. Horretan, Ana Anduezak (Deloitte) Sabin Azuari(BMASI) honako mezua bidaltzen dio 2015eko abuztuan: “Hola Sabin, necesito cobertura para la elaboración del plan de mandato del Ayto de Bilbao, te invitarán de contratación para presentar oferta. ¿Puedo contar contigo? Un abrazo, Ana”.
Erantzuna: “Hola Ana, no hay problema”. Aste batzuk beranduago Anduezak (Deloitte) Leandro Ardanzari (97S&F) honako mezua bidaltzen dio: “Lean, Te paso la oferta de cobertura para que podáis presentarla en el Ayuntamiento. Perdona por el retraso, habrá a que presentarla este mismo lunes. Un abrazo”. Ardanzak 97&Fko kide bati honako mezua bidaltzen dio: “Te paso la propuesta de cobertura. Por favor ponte con ello.” Azkenean Deloitteri ematen zaio lana.
Goirizelaiak azpimarratu duenez, MLBNren txostenak 2015-2019 agintaldiko planaren kontratua "aldeen arteko hitzarmen baten adibide gisa" aipatzen du. Beraz, esan duenez, "Aburtoren lehen agintaldia ikertua izan den plan batekin hasi bazen, iparraldeko kartelaren ikerketan agertzen diren kontratuen laurdenak Bilboko Udalarekin zerikusia badu, ez al da logikoa pentsatzea Udal Gobernu honen kudeaketa ez dela sinetsarazi nahi diguten bezain gardena?", adierazi du.
Kontrolerako neurriak
Goirizelaiak galdetu du ea, MLBNren ebazpenaren berri izan ostean, Udalak neurririk hartuko duen etorkizunean kontratuak esleitzeko prozesuetan aipatutako aholkularitza-enpresen gainean. “Gobernuaren erantzuna da enpresa horiekin lanean jarraituko dutela, oraingoz ez baitago ebazpen irmorik, eta hori, gure ustez, ez da batere etikoa ", azaldu du.
Duela gutxi, 2021eko martxoan, Bilbao Ekintzako Zuzendaritza Kontseiluak zerbitzuak kontratatzeko irizpideak eguneratu zituen, eta Kontratazio Mahaitik igaro gabeko kontratuak baimendu zituen, oso zenbateko altukoak (100.000 euro baino gehiago). “Hori da kontratazioen gaineko kontrol handiagoa egitea? ", galdetu du.
“Iruzurrezko jardunbide horiek era izkutuan egiten dira, enpresa jakin batzuen onurarako eta interes orokorraren kalterako. Bezeroen sarea oso zabala da, eta EH Bildun praktika horiekin amaitu nahi dugu, beraz, gure erakundearen gardentasuna eta kontrola bermatzeko proposamen bat aurkeztuko dugu ", azpimarratu du.