AKTUALITATEA


| 2022-11-11 13:17:00

EH Bilduren udal-taldeak, azaroan eztabaidatuko den mozio baten bidez, proposatuko du Bilboko Udalak eska diezaiola Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari berriz azter dezala bere jarrera eta manten ditzala bihotzeko kirurgiako bi zentroak, bata Basurtuko Ospitalean eta bestea Gurutzetako Ospitalean, Gasteizko 1. zenbakidun Administrazioarekiko Auzien-Epaitegiak  emandako autoan jasotako hausnarketak kontuan hartuta; izan ere, auto horrek Basurtuko Ospitaleko bihotzeko kirurgiako zerbitzuaren ixtea eta Gurutzetako Ospitalera eramatea geldiaraztea agindu du.

Ez da lehen aldia EH Bilduren udal-taldeak gai hori osoko bilkurara eramaten duela; izan ere, otsailean eskatu zuen Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzari exijitzea Basurtuko ospitaleko bihotz-kirurgiako zerbitzua manten dezala, Osasun Sailak zerbitzu hori itxi eta Gurutzetan zentralizatzea proposatu ondoren.

Jone Goirizelaiak, EH Bilduko bozeramaileak, gogorarazi duenez, otsailean Udal Gobernuak (EAJ_PSE) “uko egin zion gure mozioa onartzeari, bilbotarrei bizkarra emanez”, baina “orain auto judizial bat dugu mahai gainean, eta bertan esaten da presazko kautelazko etendura onartu ezean, «kalte konponezinak» egongo liratekeela, bai errekurtsogileentzat, bai hirugarrenentzat, pazienteei erreferentzia eginez”.

Ebazpenak, esan duenez, pazienteei «kalteak» eragiten dizkiela ere ohartarazten du, eta Espainiako Kardiologia Elkartea aipatzen du. Elkarte horrek ondorioztatu du bihotzeko paziente gehiago hiltzen direla bihotzeko kirurgiako zerbitzurik ez duten ospitaletan artatzen dituztenean.

Goirizelaiak adierazi duenez, ebazpen horrek “indartu egiten ditu Basurtuko profesionalen eta Bilboko herritarren eskaerak, sinadurak biltzearen eta hainbat mobilizazioren bidez, behin eta berriz eskatu baitute bihotz-kirurgiako zerbitzua mantentzea Basurtuko ospitalean”.

Horrenbestez, nabarmendu du “EAJk eta PSEk benetan bilbotarren interesak defendatu nahi badituzte, euren jarrera aldatu beharko luketela eta gure mozioarekin bat egin beharko luketela, Basurtuko ospitalea erreferentziazko ospitalea izaten jarrai dezan”, eta hori, Goirizelaiaren esanetan, “ez da bateragarria zerbitzuak desegitearekin”. “EH Bilduk kalitatezko osasun publikoaren aldeko apustua egiten du, eta hori ez da lortzen zerbitzuak murriztuz”, azpimarratu du.