AKTUALITATEA


| 2024-04-23 13:21:00

"Bilbo zaintza eremuan punta-puntako hiri bihurtzeko urratsak emateko helburuarekin” proposamen sorta bat aurkeztu du EH Bilduk. Mozio horiek apirileko Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira eta horien bidez honakoak eskatzen dituzte: haurreskoletan plazak bermatzea, auzoetako irisgarritasuna bermatzea, zaintzen dituzten pertsonak zaintzea eta saltoki txikiek zaurgarritasun- eta bakardade-egoerak hautemateko egiten duten lana ikusaraztea.

"Gure mozioak lehen urratsa dira gure hirian zaintza sistema publiko-komunitarioa garatzeko", nabarmendu du Maria del Rio EH Bilduko udal bozeramaileak, Garazi Perea eta Karlos Renedo alderdi subiranistako zinegotziekin batera emandako prentsaurrekoan.

Del Riok gogorarazi du zaintzak "zeharkakoak" direla, iazko azaroko greba feministan agerian geratu zen bezala. “2018an Mugimendu Feministak Bilbon deitutako mobilizazioa New York Times bezalako nazioarteko hedabideen azala izan zen. Harro esan dezakegu eredu izan ginela, horregatik Bilbon baldintzak ematen dira zaintza-lanetan punta-puntako hiri bihurtzeko pausoak emateko", nabarmendu du.

Hala ere, "gaur helburu hori lortzetik nahiko urrun gaude", deitoratu du; izan ere, Udal Gobernua "ez dago, interes faltagatik edo utzikeriagatik, egoerak eskatzen duen mailan". Ildo horretan, adierazi duenez, "nahiz eta historiako aurrekonturik altuena izan, 60 milioi euro Gizarte Ekintzaren arloan: SMUS larrialdiko zerbitzua eskatzen duten pertsonak hilabete baino gehiago itxarotera behartuta daude artatuak izateko; dozenaka pertsonak baja eman behar izan dute edo etxez etxeko zerbitzuaren orduak murriztu behar izan dituzte, gehiegizko prezioen igoerari aurre egin ezin izan diotelako; familia batzuek ezin izan dute plaza bat eskuratu haurreskola publikoetan, eta pertsona askok ezin dute beren auzoetan mugitu irisgarritasun faltagatik, besteak beste". 

Gogorarazi duenez, zaintzek balio sozial handia dute, baina baita ekonomikoa ere, ordaindu gabeko zaintzak Euskadi osoko BPGren %27 baino gehiago baitira. "Erakundeek zaintza horiek emakumeen esku eta ikusezin gera ez daitezen lan egin behar dute, eta zaintza horiek babestu eta erraztu behar dituzte", adierazi du.

Haurreskolak

Egoera horren jakitun, EH Bilduk lau proposamen aurkeztu dizkio osoko bilkura honi. Lehenengo proposamenaren bidez, Garazi Pereak azaldu duenez, haurreskola publikoetan plazak bermatzea eskatzen dute.  Azaldu duenez, EAEn pertsonen %28ak zailtasunak ditu lana eta adingabeen zaintza bateratzeko. "Hori dela eta, haurreskolek funtsezko funtzioa betetzen dute, eta premiazkoa da Bilboko erdiguneko haurreskoletan dagoen saturazioari berehalako irtenbidea ematea", nabarmendu du.

Ildo berean, adierazi du 2023. urtearen amaieran haurreskoletako itxaron-zerrendak %20 igo zirela Bilbon, 200 haur plaza barik geldituz. Egoera konpontzeko helburuarekin, EH Bilduk bere egin du LABek aurkeztutako mozioa, tramitera onartu ez zena, eta haur guztientzako doako haurreskola plazak ziurtatzea eskatzen duena.

Zaintzaileak zaintzea

Bigarren proposamena Pereak adierazi duenez, zaintzaileak zaintzea helburu duen Zaintzea programa hedatzea da, kontuan hartuta milaka pertsona, gehienak emakumeak, aritzen direla adinekoen doako zaintzan. "Pertsona horiek erakundeen laguntza behar dutenez, Zaintzea programa – hitzaldiak, ikastaroak... eskaintzen dituena – oinarrizko gizarte zerbitzu bakoitzera zabaltzea proposatzen dugu", zehaztu du.

Gainera, zehaztu duenez, gero eta pertsona gehiagok jotzen dute zerbitzu pribatuetara adinekoak zaintzeko, batez ere etxez etxeko laguntza-zerbitzuaren prezioa izugarri handitu ondoren. Etxeko Langileen Elkarteak gogorarazi duenez, zaintzaile gehienak atzerritar jatorriko emakumeak dira, eta horietako asko egoera ahulean daude eta oso lan-baldintza eskasetan. "Udala ezin da emakume horien egoeraz ahaztu; beraz, Zaintzea programa senide zaintzaileez ez ezik, besteren kontura lan egiten duten zaintzaileez ere arduratzea proposatzen dugu", gaineratu du.

Zaintzen duen merkataritza

Komunitateak zaintzan duen garrantziaz hitz egiten badugu, EH Bilduko zinegotziaren iritziz, ezinezkoa da hurbileko saltokiek komunitatean bertan egiten duten lana ahaztea; izan ere, modu naturalean hauteman dituzte nahi ez diren zaurgarritasun- eta bakardade-egoerak. Hala ere, Perearen arabera, zeregin hori ikusarazteak eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin modu sistematizatuan erlazionatzeak haren eraginkortasuna biderkatuko luke, merkatariek beraiek adierazten diguten bezala.

Horregatik, hirugarren mozio batean, EH Bilduk proposatu du hurbileko saltoki txikiak "Begirada aktiboa" programaren barruan sartzea, gure auzoetan dagoeneko garatzen ari diren zaintza eta antena sozialaren funtzioa aitortzea erabakitzen duten saltoki guztientzat.

Auzoetako irisgarritasuna

Eta amaitzeko, Karlos Renedok azaldu duenez, gure kaleak eta plazak zaintzeko prestatuta egotea ere behar dugu, horregatik,  laugarren proposamena da gure auzoetan irisgarritasun-plan integralak egitea, Zurbaranbarritik hasita. Azaldu duenez, Bilbon lau pertsonatik batek 65 urte baino gehiago ditu, eta joan den mendearen erdialdean auzo asko azkar eraiki ziren, aldapaz eta eskaileraz beteta”.

“Bilbo Irisgarritasun Plan bat izatera behartuta dagoen arren, ikusten dugu politika horiek inprobisazioan oinarritu direla eta Zurbaranekiko eta hiriko beste auzo batzuekiko zor historikoa dela", adierazi du.

"Aurkeztutako proposamenak urrats bat dira aipatutako helburuetan aurrera egiteko; hala ere, zainketen gaia lantzen jarraituko dugu, eta Bilbo eremu horretan eredu izan dadin proposamenak aurkezten eta lan egiten jarraituko dugu”, nabarmendu du.