AKTUALITATEA


| 2023-01-17 12:17:00

EH Bilduk mozio bat aurkeztu du urtarrileko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko. Bertan, patinete elektrikoa erabiltzeak Bilboko mugikortasunean izango lukeen eraginari buruzko azterlan bat egitea eskatu du. Azterketa horren ondorioetan oinarrituta, EH Bilduk eskatu du ordenantza batean jaso ditzala Bilbon patinete elektrikoaren erabilera arautzeko gai guztiak, udal taldeen eta mugikortasunean inplikatutako eragileen ekarpenak jasoz.

Era berean, bi gai horiek ebatzi arte, enpresei Bilbon patinete elektrikoen alokairua kudeatzea baimentzen duten lizentziak emateari moratoria bat aplikatzea eskatu du alderdi soberanistak.

Hala azaldu dute gaur prentsaurrekoan Jone Goirizelaiak eta Bruno Zubizarretak, Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramaile eta zinegotziak, hurrenez hurren. Bertan gogorarazi dutenez, joan den abenduaren hasieran patinete elektrikoen konpainia bat lanean hasi zen Bilbon, gobernu-taldearen arabera, jarduera ekonomikoa antolatzen duten legeetan babestuta.

“Egia da Bilbok patineteen erabilera arautzeko jarraibide bat duela, baina ez da argitaratu, eta bilbotarrek ez dute horren berri”, adierazi dute. Testuinguru horretan, esan dutenez, Udal Gobernuak iragarri du lehiaketa bat aterako duela enpresa pare bati Bilboko kaleetan negozio mota hori garatzeko baimena emateko.

Bitartean, gogoratu dutenez, “hirian zehar patinete elektrikoak ikus ditzakegu, horietako batzuk espaloietan eta oinezkoentzako guneetan botata, arrisku-egoerak sortuz, nahiz eta toki horietan debekatuta egon, izan ere, araudi orokorrak agintzen duen bezala, ibilgailu motorduntzat hartzen baitira”.

Horrelako egoerak saiheste aldera, haien ustez, “guztiz beharrezkoa” da plangintza ordenatu eta arautu bat egitea. Horretarako, besteak beste, azterlan bat egin behar da, Bilbon MPIak erabiltzeak berekin dakartzan aldaerak ezagutzen lagunduko lukeena: segurtasuna, joan-etorriak, aparkatzea, erabiltzaileen portaera eta mugikortasun egokia bermatzeko balioko luketen beste batzuk.

«Beste hiri batzuetako esperientziak MPIak ezartzeak dakartzan arazoez ohartarazten gaitu, eta, beraz, gauzak ondo egin behar direla uste dugu, patinete elektrikoak Bilbon arazo bihur ez daitezen», ondorioztatu dute.